Hezkuntza. Murrizketen aurkako protestak

Kalitatea lehenesteko, zerga sistema aldatzeko eskatu dute

Kalera irten dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen irakasleak, hezkuntzak «lehentasuna» izan behar duela azaltzeko

Sindikatuek kalitatezko hezkuntza aldarrikatu zuten atzo Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gehiengo sindikalak salatu duhezkuntza ez dagoela Hego Euskal Herriko gobernuen «lehentasunen» artean herri baten garapenerako funtsezko tresna den arren. Lehentasunen artean ez egotea egungo inbertsio murrizketen oinarrian dagoela salatu zuten EILASek, LABek eta ELAk Gasteiz, Bilbo eta Donostian atzo egindako manifestazioetan. Inbertsio horiek handitzeko, zerga politika aldatzeko eskatu zuten, aberastasunaren banaketa egokia egin eta gizarte inbertsioak handitzeko.

EAEko hiru hiriburuetan egindako manifestazioen emaitzarekin pozik agertu ziren antolatzaileak. Hezkuntza sektore osoko mobilizazioetan 3.000 pertsona inguru elkartu ziren Hezkuntza langileoi erasorik ez, Kalitatezko hezkuntza eta zerbitzu publikoen alde lelopean. «Hasiera bat da: orain etorkizunera begira eman beharreko pausoak zeintzuk diren ikusiko dugu», azaldu zuen Josu Zalbidea EILASeko kideak.

Azken bi urteetan murrizketak direla-eta hezkuntzako sektore guztietan gertatutako mobilizazioak gogorarazi zituzten: haur eskolak, eskola publikoa, ikastolak, unibertsitatea... «Bide horretan jarraituko dugu, sektore eta esparru guztietan», nabarmendu zuen Toni Jausoro LABeko kideak. «Gezurra da dirurik ez dagoela eta murrizketak krisiaren ondorioz direla».

Hego Euskal Herriko gobernuek hezkuntzan egindako inbertsioa Europako batez bestekoaren oso azpitik dagoela gogoratu zuen Ruben Espino ELAko kideak, eta hezkuntzak duen kalitatea bertako profesionalei zor zaiela gaineratu zuen. Hezkuntzara biztanleko Europako batez bestekoa baino 520 euro gutxiago bideratze dela gogorarazi zuen Espinok.

Diruaz gain denbora ere kendu zaiela gaineratu zuten: «Eskolak prestatzeko, irakasleak trebatzeko, euskara ikasteko eta beste gauza askotarako denbora». Ordezkapenak egiteko, kasu askotan, astebete baino gehiago igarotzen dela azaldu zuen Espinok, eta horrek hezkuntzaren kalitatean nabarmen eragiten duela.

Erantzun zabala

18:30ean hasi zen Gasteizko manifestazioa, eta ordurako ehunka pertsona bilduta zeuden Andre Maria Zuriaren plazan. Sindikatuetako ordezkari eta irakasleez gain, guraso eta adin guztietako ikasleak zeuden bertan, baita EHUko Irakasle Eskolakoak ere. Nagore Martinez ikaslearen ustez, «bidegabekeria» dira azken bi ikasturteetako murrizketak. «Nahi badute, zuzentzeko aukera dute oraindik, aurrekontuak onartu aurretik».

Testuinguru politiko berriaren ondorioz egungo aurrekontua beste modu batean antolatzeko aukerari buruz ere hitz egin zuten manifestazioetako zenbait parte hartzailek. Hala,zenbait diru partida kenduta irakasle lantaldea indartzeko moduko dirua lortuko litzatekeela nabarmendu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.