Beheratu dira urak, gutxitu dira lokatzez betetako baldeak. Fregonek hartu dute lekua, eta kalkulagailuek. Bi jende klase zebiltzan atzo uholdeek kaltetutako eremuetan: katiuskak jantzita lohituta dabiltzanak azken egunetan, garbiketan ari direnak; eta elegante jantzitakoak, aseguruetako ordezkariak. Haiek zer egingo zain daude etxeetako eta enpresetako jabeak; kalteak osorik pagatuko ote dizkieten daukate kezka. Esan eta esan ari dira erakundeak: atera argazkiak eta horrelako frogak, jo aseguru etxeetara eta haien bidez saiatu. Haiek ez asetzekotan ordaina, aukera izango da aseguruen kontsortziora eta Espainiako Gobernura joateko.
Gipuzkoan, Urumea ibaiaren inguruan eta Tolosaldean, dituzte arazo handiak. Luiziak daude. Bizkaian, trenean dago traba: Muxikan komeriak izan ditu Euskotrenek, eta metroa ez dabil Portugalete eta Santurtzi artean. Andre baten bila segitzen dute Derion. Hazparnen (Lapurdi) isuri baten berri eman dute; Arrosa (Nafarroa Beherea) hondamendi eremu jotzea nahi du auzapezak.
Garbiketa beteko orduak dira. «Luzeak ari dira izaten egunak, ordu askokoak». Fregona etengabe atzera-aurrera darabilela mintzo da Florangel Barros. Zizurkilen (Gipuzkoa) dauka taberna; metro bat ur sartu zitzaion igandean. «Pentsa, festa geneukan; tabernan sukaldea jarri dugu, eta larunbatean eman genituen lehenbiziko afariak». Ondoan du erreka, eta bizi hasi zen sartzen ura. «Itxi egin behar izan genuen 03:00etan». Aseguruko ordezkaria etortzeko zain dago makinak badabiltzan ikusteko. «Argiaren koadroa itzali nuen, eta ea zortea dudan». Onenean ere gastua izango du: «Edariena ez dakit. Jatekotan soilik, mila eurotik gora». Bihar-etzitan hasi nahi du lanean.
«Banekien zer zetorren»
Taberna dagoen eraikinaren beste aldean tabako denda bat dago. «Inguru honetan niri sartu izango zait gehien», dio Jokine Almorzak. Ez du atsedenerako tarterik; kutxa handi batzuetan gordeta dauzkan zigarreta kaxak apaletan jartzen ari da. Handia da nahas-mahasa: bezero bat sartu da, eta lanak izan ditu nahi zuena topatzen. «Banekien zer zetorren; 02:30ean etorri, eta kutxatan sartuta igo nituen». Genero gutxi galdu du. Ez dira asko izango horrelakoak. Ezustean harrapatu ditu saltoki gehienak; Martutenen, adibidez, janari denda askotan bota behar izan dituzte produktuak zaborretara, lokaztuta.
Azkar hazi ziren urak. «Igande eguerdian joan nintzen lokalera, eta kontrolpean zegoen. Hiruretan, ezin zen sartu». Altzari denda bat dauka Mikel Martinezek Tolosan (Gipuzkoa). «Erabateko txikizioa» izan du. «Sofak igerian ibili dira. Hondatuta daude altzariak: hezetasunarekin puztu egin dira, eta usteldu». Urak utzita bezala daude oraindik. Paperak egiten ari da, «gastu izugarriak» espero baititu. Gaur hasiko da garbitzen. «Hilabete beharko dugu irekitzen; guztia berritu behar da».
Udaletako langileek ere ez dute atsedenik. Hiru herri mutil ari dira jo eta ke Zizurkilen, herriko lokal batean ura ateratzen. «Beheko alde honetan izan dugu lan handiena», diote. Trenbide ondoko inguruan ur asko pilatu da. Ez dute hamaiketakoa egiteko beta handirik. «Oraindik mendi aldera ez gara joan; pinuak-eta erorita badaudela esan digute, baina bideak nola dauden ez dakigu». Kostaldeko herrietan ere badute lana: ibaiek eramandako zaborra hondartzetan pilatzen hasia da.
Udaletxeetan ere bada zer egin. Zein pauso eman behar dituzten azaltzen ari dira herritarrei. Tolosakoan izan zen atzo Martinez: «Lagunduko dutela esan digute. Ea zer egiten duten aseguruek». Nafarroan ere ari dira lanean herriko etxeak; Elizondon batu ziren atzo inguruko alkateak eta Nafarroako Gobernuko kideak.
Uholdeak. Ondorenak
Kalkulagailuak martxan daude
Ura ateratzea lortu dute leku gehienetan, eta bigarren urratsean dira orain: garbiketan ari dira, eta aseguruei kalteen berri jakinaraztenGipuzkoan, Urumea aldean eta Tolosaldean daude trabak, eta Bizkaian, garraiobideetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu