Aurten jada iaz baino kamioilari gehiago hil dira Euskal Herrian

Ezkabarten hil da aurtengo zazpigarrena, auto bat jota. Auto gidaria erietxera eraman dute, zaurituta.

Ezkabarten PA-30 errepidean izandako istripua. FORUZAINGOA
Ezkabarten PA-30 errepidean izandako istripua. FORUZAINGOA
2024ko apirilaren 22a
16:10
Entzun

Kamioi gidari bat hil da gaur goizean Ezkabarten (Nafarroa), aurten errepidean hil den zazpigarrena. Ezbeharra 07:12 inguru zirela gertatu da PA-30 errepideko 11. kilometroan, Arretik gertu. Foruzaingoak azaldu duenez, kamioia kontrako lerrora sartu da, eta han aurkako norabidean zihoan auto bat jo du. Ondorioz, kamioia errepidetik atera eta irauli egin da. Tokian bertan hil da 58 urteko kamioi gidaria, Iruñeko bizilaguna.

Beste ibilgailuaren gidaria zaurituta eraman dute erietxera, suhiltzaileek autotik atera ostean. 25 urte ditu emakumeak, eta, osasun zerbitzuen arabera, besoetan du kolpea.

Larrialdi zerbitzuek 07:12an jaso dute deia, eta, bertaratu airenean, ezin izan dute ezer egin. Garraiolariaren gorpua kamioian harrapaturik geratu da. Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, eta bertan egingo diote autopsia. Foruzaingoak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

21 hildako

Urtea hasi denetik, gutxienez 21 langile hil dira lanean zeuden bitartean. Iaz 58 izan ziren, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera. 

Bereziki deigarria da aurten zazpi garraiolari hil direla lanorduetan gidatzen ari ziren bitartean; izan ere, iaz, urte osoan, sei zendu ziren. Ondorioz, pasa den urteko kopurua maiatzera heldu baino lehen gainditu da.

LABek salatu du prekaritatearen ondorio dela hori: «Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.