Kamioiek autobideetan ibiltzeagatik ordaintzea sustatuko du Espainiak

Errepideak mantendu eta berriak egiteko beharrezkoa ikusten du bidesaria Jose Blanco Sustapen ministroak

Kamioilariek bidesarien aurka egindako protesta. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hasieran iragarritakoan atzera egin, eta Europako Batasunak kamioi astunentzat onartutako bidesarien araua sustatzearen alde egingo du Espainiako Sustapen Ministerioak. «Hurrengo legegintzaldian izango da, eta mailakatuta egingo dugu», nabarmendu du Jose Blanco Sustapen ministroak. Errepideak finantzatzeko eta mantentzeko, ezinbesteko ikusten du bidesari hori Blancok. «Ahalik eta adostasun politiko handiena lortzen saiatuko gara».

Kamioi astunek ordaindu beharreko bidesarien prezioa zehazteko irizpideak finkatzen dituen zuzentarau berritua onartu zuen orain hilabete Europako Batasunak. Horren arabera, herrialdeek %20 eta %30 artean igo ahal izango dizkiete bidesariak 3,5 tonatik gorako kamioiei. EBren xedea da kamioi horiek eragiten duten kutsaduraren nahiz soinuaren ondorioz herrialdeek dituzten gastuei aurre egitea eta zirkulazio pilaketa gutxitzea. Herrialdeak ez daude behartuta aplikatzera. Baina, aldi berean, aukera ematen die ibilgailu pribatuei ere aplikatzeko. Hori bai, tarifa altuenak—batez bestekoak baino %175 altuagoak— gehienezbost orduz aplikatu ahal izango dituzte eguneko. Egun, Europako Batasunean bidesarien batez besteko prezioa 15 eta 25 zentimo artean dago kilometroko.

Ekonomiarentzat kaltegarria izan zitekeela argudiatuta, Blancok adierazi zuen Espainiako Gobernua bidesarien araua indarrean jartzearen aurka zegoela. Haren arabera, neurriak inportazioen eta esportazioenprezioak igoko lituzke.

Orain, Blancok uste du eztabaida zabaldu behar dela azpiegituren inguruan. «Aztertu behar da nork mantendu behar dituen. Haren arabera, egungo sistema «eutsiezina» da. «Ezin dugu egungo azpiegiturak mantentzen jarraitu eta berriak egin. Bidesarietan aldaketa bat izan behar da». Blanco autonomia erkidegoetako ordezkariekin bilduko da udazkenean, gaia aztertzeko. Espainiako Kongresuan ere batzorde bat sortuko dute hausnartzeko.

Garraiolarien arabera, «onartezina» da Espainiako Gobernuak jarrera aldatu izana, eta ekonomian eragingo lukeen kalteaz ohartarazi dute.

Garraioa hobetzeko neurriak

Europako Batzordeak, berriz, hogei neurri onartu ditu Europako Batasunak inguruko herrialdeekin dituen garraio bidezko loturak hobetzeko. «Etorkizunean lotura horiek errazak, fidagarriak eta ziurrak izatea nahi dugu», adierazi du Siim Kallas Garraio komisarioak.

Hegazkin bidezko merkatua zabaltzea da neurri horietako bat. Egungo trenbide sareari etekin gehiago ateratzearen aldekoa ere bada Europako Batzordea. Itsaso bidezko garraioa eraginkorragoa izatea ere nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.