Kandelen gertutasuna

Dozenaka lagunek Zaballako espetxe parean pasa dute gaua, gaixotasun larriak dituzten presoak aska ditzatela eskatu eta Txus Martini elkartasun mezuak helarazteko.

Ostiral arratsaldean hasi eta atzo eguerdian amaitu zen Zaballako espetxearen aurrean eginiko ekinaldia. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Iruña Oka
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoak kaleratzeko aldarria eta horienganako elkartasun mezuak ozen entzun dira asteburuan Gasteizko Mendien magalean. Dozenaka lagun bildu ziren ostiraletik larunbat eguerdira arte Zaballako espetxearen ondoan (Araba), Herrira mugimenduak deitutako kandela gaua zela eta. Euri zaparradek ez zuten askorik lagundu, baina ez zituzten itzali ez kandelen sua, ezta abestiz zein irrati uhinez bidalitako mezuak ere.

Uhinen bitartez bidalitako mezu horien bidez heldu ziren kandelen gaueko unerik berezienetako batzuk. Bertan bildutakoek aukera izan zuten Txus Martin presoari elkartasun mezuak bidaltzeko, Hala Bedi irratiaren bidez. Hori zen, hain zuzen ere, kandela gaua Zaballako espetxean egiteko arrazoi bat. Martini, buruko gaixotasun larria duen euskal presoari, elkartasuna adieraztea. Eta lortu egin zuten.

«Irratiaren bidez helarazi zizkioten mezuak entzun zituen, baita hesiaren ondoan abestutako kantak ere; horrek bizigarria eman dio», jakinarazi du Kontxi Gonzalezek, Martinen neska-lagunak. Mezua bidaltzeko, taulara igo eta mikrofonora hitz egin behar zen, eta horrek baten bat uzkurtu zuen hasieran, baina egon zen gitarra eskuan taulara igo zenik ere. Mikrofonoa taulatik jaistean, ordea, anonimotasuna baliatuta, pertsona gehiago animatu zen.

«Presa handia»

Kandela gauaren izaera «humanitarioa» nabarmendu zuen Ane Zelaiak, ekinaldia amaitzeko elkarretaratzean. Azaldu zuen Euskal Herriko hamalau preso horien gaixotasunak bateraezinakdirela espetxean egotearekin, etagaixotasun horiek okerrera doazela presoek bertan jarraitu ahala: eskizofrenia, minbizia, bihotzeko arazo larriak, ia erabateko itsutasuna... Kasu batzuetan pertsonaren bizia bera arriskuan egon daitekeela berretsi du Zelaiak. Martin egoera horretan dago, Jaiki Hadi sendagile eta psikologoen elkarteak jakinarazi duenez.

«Krudela da espetxean edukitzea, legez eta eskubidez kalean egon behar bailukete». Egoera hori «mendeku» nahiari egotzi dio Herrira mugimenduak, eta gaineratu du horrelako jokabideek ez dakartela «ezer onik bakea eta irtenbidea eraikitzeko» aukera dagoen garai honetan. Zelaiak azaldu du gero eta eskari gehiago daudela kartzela politika «demokratizatzeko» eta presoen eskubideak errespetatzeko; Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinaren harira ebatzitakoa testuinguru horretan jarri du.

Gaixorik dauden presoak kaleratzeko «eskura duten guztia» egin dezatela eskatu die Herrira mugimenduak instituzioei, agintari politikoei eta erakunde publikoei. Bide batez, lan hori azkar egitea galdegin du, presazko egoera bat baita. «Urgentzia horrekin begiratu behar zaio afera honi, inolako tragediarik gertatu aurretik konponbide bat behar da eta».

Ildo horretan, Herrira-k iragarri du ekintzak prestatzen jarraituko duela. Amaia Esnal Herrira-ko bozeramaileak gogora ekarri du ekainaren 29an egindako ekimena. Hamalau pertsona Madrilgo Espainiako Espetxe Erakundeko bulegoetara joan ziren motxila eta guzti, eta beren burua eskaini gaixorik dauden presoen tokian sartzeko.

Hamalau ordu atsedenik gabe

Gaixotasun larria duen euskal preso bakoitzeko ordu bat egon ziren Herrira-koak eta beste eragileak Zaballako espetxearen ondoan. Arratsaldeko zortzietan hasi ziren hamalau orduak zenbatzen, eta, bederatzietarako, 200 bat pertsona bildu ziren bertan. «Musika emanalditxo batekin hasi ginen; bertso trama izan genuen gero, eta, jarraian, mikrofono irekia; polita joan zen!», azaldu zuen Zarauzko gazte batek. Ordea, antzerkiaren aurretik euria hasi zuen, eta karpa handi batean babestu ziren denak.

Karparen babespean, bestelako ekintza batzuk egin zituzten han bildutakoek, eta, gauerdia iritsi zenean, espetxeko lehen hesira joan ziren kandelak eta aterkiak eskuan. Ordu erdiz egon ziren han, gaixorik dauden presoen askatasuna aldarrikatzen eta abesten, ohera joateko ordua heldu arte. Gasteizko eta inguruko herrietako lagunak etxera joan ziren, eta ehun inguruk espetxearen ondoan eman zuten gaua.

Eguzkia agertzean, goizak aurrera egin ahala, aurreko gauean joandakoak itzuli ziren, baita gehiago ere, kandela gaua amaitzeko elkarretaratzean egoteko. Hamaika sindikatu, alderdi politiko eta elkartetako ordezkariak bildu ziren bertan, Gasteizko Mendien magalean, gaixorik dauden hamalau presoak kalera ditzatelaaldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.