Gogoeta eguna

Kanpaina amaituta, atseden hartzeko eguna dute gaur hautagaiek

Kirola egin, mendira joan, lagunekin elkartu, familiaz gozatu, saskibaloia ikustera joan... Gogoeta eguna da gaur, eta ohikotasunera itzuli dira alderdietako hautagai nagusiak.

Juan Karlos Izagirrek eta Maddalen Iriartek hamaiketakoa hartu dute gaur EH Bilduko hainbat kiderekin. EH BILDU
2023ko maiatzaren 27a
13:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Hauteskunde kanpaina bukatu, eta eten bat egin dute gaur alderdietako hautagaiek, gogoeta egunean. Kanpainaren zurrunbilotik atera, eta beste zeregin batzuetan ari dira gaur zerrendaburuak. Kirola egiteko, senideekin eta lagunekin egoteko, erosketak egiteko edota atseden hartzeko baliatzen ari dira eguna.

Gipuzkoako ahaldungai nagusiei dagokienez, EAJren hautagai Eider Mendoza yoga klasera joan da lagunekin, eta haiekin gosaldu du gero. Maddalen Iriarte EH Bilduren ahaldungai nagusiak hauteskunde kanpainan alboan izan dituen hainbat kiderekin hamaiketakoa egin du Donostiako elkarte gastronomiko batean, eta kanpainan egindako lana eskertu die: «Ni ez nintzateke hemen egongo eta EH Bildu ez litzateke honaino iritsiko bere jendearengatik izango ez balitz», adierazi du.

Jose Ignacio Asensio PSEren ahaldungai nagusiak kafe bat hartu du goizean lagunekin Tolosako frontoian, eta erosketak egitera joan da gero. Miren Etxebeste Elkarrekin Podemos-IUko ahaldungaiak, berriz, Saldremos mejores ikuskizuna ikustera joango da arratsaldean alderdikideekin batera, Irungo Amaia KZ zentroan. Mikel Lezama PPren zerrendaburua gimnasiora joango da, eta familiarekin igaroko du eguna.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaiak paseo bat eman du, eta erosketa batzuk egitera joan da Antigua auzora.

Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak ere sare sozialetan zabaldu du goizean zer egin duen. Kanpainan ondoan izandako alderdikideekin gosaldu duela jarri du Twitterren.

Bizkaiko hautagaiei dagokienez, Elixabete Etxanobe ahaldungai nagusia paseoan ibili da Urkiolatik goizean, eta arratsaldean Amorebieta futbol taldea animatzera joango da Lezamara.

EH Bilduren ahaldungai nagusi Iker Casanova Gernikan izan da, Bizkaiko eskolarteko bertso txapelketan parte hartu baitu haren semeak.

Teresa Laespada PSE-EEko ahaldungai nagusiak atseden hartu du goizean, eta senideekin igaro du eguna. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemos-IUren ahaldungai nagusia Bergara joango da gaur, euskal kluben lineako hockey partida ikustera.

Arabako hautagaiei dagokienez, EAJren ahaldungai nagusi Ramiro Gonzalez Mendozan ari da eguna igarotzen, han bizi baita, eta arratsaldean Baskonia animatzera joango da Buesa Arenara. Beatriz Artolazabal EAJren Gasteizko alkategaiak erosketa batzuk egin ditu Zaramaga auzoan, eta, senideekin egon aurretik, gustukoen duen kirola praktikatu du: kayak surfa. Eva Lopez de Arroiabe eta Rocio Vitero EH Bilduren Arabako eta Gasteizko hautagaiek familia eta lagunekin igaroko dute eguna.

Maider Etxebarria PSE-EEren Gasteizko alkategaia korrika egitera joan da goizean, eta familia eta lagunekin igaroko du arratsaldea.

Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemos-IUren Gasteizko alkategaiak alabekin igaro du goiza, parkean. Sare sozialetan esan du pozik dagoela alderdiak eta militanteek kanpainan egindako lanarekin.

Nafarroako hautagaiek ere familiarekin eta lagunekin igaroko dute eguna. Besteak beste, Maria Txibite PSNren lehendakarigaiak egun «lasaia» igaroko du Iruñean, kirola egiten eta kulturaz gozatzen. Familian pasatuko dute eguna Uxue Barkosek (Geroa Bai), Begoña Alfarok (Zurekin Nafarroa) eta Laura Aznalek (EH Bildu).

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaia Alde Zaharrean ibiliko da lagunekin, eta bertan ibiliko da Txema Mauleon ere (Zurekin Nafarroa), erraldoiez gozatzen. Familia eta lagunen artean igaroko dute gogoeta eguna gainerako hautagaiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.