Eserleku huts asko zirela hasi da Nafarroako Parlamentuko legealdiko azken osoko bilkura. Azken aukera, lege askorentzat; eta azken saioa, parlamentari zenbaitentzat. Gutxika bete zen aretoa atzo, 09:30ean; aurreko osoko bilkura guztietan bezala. Atzokoa azkena izanik ere, beste bilkura bat baino ez zelako izan. Hala adierazi zuen Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak batzar aretora sartu aurretik. Parlamentuan hogei urte egin ditu, eta azken eguna izan zuen atzokoa. «Ez diot uko egiten egindako lanari, ez Herri Batasuna gisa, ez Aralar gisa, eta ez NaBai gisa. Beti ezkerretik eta ikuspegi aurrerakoietatik saiatu naiz lan egiten».
Bisitarien eserlekuak guztiz bete ziren saioa hasi orduko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzenbide ikasleek bete zituzten gehienak, baina han izan zen ere EH Bilduko Nafarroarako hautagai Adolfo Araiz. Lege eztabaida eta bozketa artean, batzar aretotik sartu eta atera ibili ziren, berriz, parlamentari gehienak. Ordenagailu eramangarrietan informazioa begiratzen, ohiko moduan bezala. Denek izan zuten gogoan, baina, atzokoa azken bilkura izan zela. «Azken plenoa dugu gaurkoa, hemendik aurrera kanpaina egiten hasiko gara», ohartarazi zuen Asun Fernandez de Garaialde Aralar-NaBaiko parlamentariak. Eta, kanpaina eginez edo ez, agur esateko baliatu zuten bilkura aurtengo hauteskunde zerrendetan izango ez diren parlamentariek.
Fernandezen hitzak ekarri zituen gogora Juan Jose Lizarbe PSNko parlamentariak, esaterako: «Zorte ona eta boto gutxi opa dizkizuet, nire alderdiari izan ezik, noski; ni ere hauteskunde kanpainan nagoelako». Lau legealdi eman ditu Lizarbek parlamentari Nafarroan, eta parlamentuko presidenteen lana eta «pazientzia» eskertu ditu azken agerraldian. Alberto Catalan presidenteak ere eskerrak eman zizkion Lizarberi: «Elkarrekikoa izan da, jakizu hemen lagun bat duzula».
Lau urteren ondoren, hilaren 31n desegingo du parlamentua Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Legealdi «bitxia» eta «berezia» izan da azkena, haren ustez; baina eginbeharra bete duela dio. Hala ere, esan duenez, beti geratzen da zerbait egiteko: «Krisi ekonomikorik gabe gobernatzea gustatuko litzaidake». Legeak «era tirabiratsuan» onartu direla uste du, «helegite askorekin».
Osoko bilkuran agerraldirik ez zuen egin atzo Barcinak. Bai, ordea, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, Javier Caballero UPNko parlamentaria, PPko Amaia Zarranz, PSNko Pedro Rascon, Aralar-NaBaiko Nekane Perez eta Juan Carlos Longas eta Bilduko Bakartxo Ruiz. Parlamentuko langileek egindako lana eskertu zuten denek. «Itzultzaileen lana eskertu nahiko nuke bereziki, badakidalako batzuetan zail jarri diedala», esan zuen Perezek azken agerraldian.
Eskerrak emateaz gain, barkamena ere eskatu zuen, berriz, PSNko Roberto Jimenezek: «Ez naiz egon Nafarroak eskatzen zuenaren maila berean. Aitortu beharra dut, Nafarroarentzako egokiak ez ziren erabakiak hartu nituen alderdiko lider nintzenean». Isiltasuna aretoan.
Irriak eragin zituen, berriz, PSNko Gregorio Galilearen agurrak, Viana herriari buruz zela: «Nafarroako hegoaldean bada hiri bat, nire ustez munduko onena dena. Bai, hala da, nahiz eta zenbaiti izorratu, egia hutsa da. Hiri hartan aurkituko nauzue, kafe bat hartzeko edo ardo ona dastatzeko, bereziki horretarako». Gonbita onartu zuen Catalanek: «Ikusiko dugu elkar».
Aldaketaren zantzuak
Hamar lege izan zituzten atzo parlamentuan, eztabaidatzeko eta onartzeko. Lege «aurrerakoiak» izan dira denak, Zabaletaren hitzetan. Eta, haren ustez, oposiziotik politika egin ahal denaren seinale izan dira: «Politika zeregin duina da, politikak merezi du, eta politika ere oposizioa denean egin behar da. Oposizioa ere beharrezkoa delako, azken legealdia izan da horren adibide». Parlamentuko lana utzita, bukatu gabe dituen liburuak bukatzeko egingo du lan Zabaletak.
Legealdi «galdua» izan da azkenekoa, oposizioaren ustez. «Gobernu aldaketa behar du Nafarroak, nafar gehienak ordezkatuko dituen aldaketa; 2007an egin ahal izan zuten, egin izan balute, balantzea askoz hobea izango litzateke», dio Zabaletak. Nafarroako eredu politikoa «agortuta» dagoela esan du, berriz, Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak: «Ondorioak dramatikoak dira». Eta aldaketaren alde hitz egin dute ere Ezkerra eta Geroa Baiko parlamentariek.
Legealdiko azken osoko bilkura. Agurrak
Kanpaina hasteko bilkura
Parlamentuko legealdiko azken osoko bilkura izan zen atzokoa; eta azken eguna izan zuten, esaterako, Zabaletak, Jimenezek eta Barcinak. Eskerrak emateko mezuak nagusitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu