Alfredo Perez Rubalcabak eta Mariano Raxoik, Espainiako Gobernuko presidente izateko bi hautagai nagusiek, haien arteko lehiatik kanpo utzi dute ETAren jardun armatuaren amaierari buruzko eztabaida. Adostu egin dute hori, telebistan izan duten aurrez aurreko bakarrean ikusi den moduan. Baina Euskal Herrira egin dituzten bisitetan hizpide izan dute gaia, zer egiteko asmoa duten iradoki dezakeen arrastorik utzi ez badute ere. ETAren erabakiak ireki duen jokaleku berriaren aurrean, «zuhurtzia eta elkarlana» aldarrikatu dute biek. PSOE eta PPren agendetan dago gaia, baina hauteskundeen ondorenerako utzi dituzte proposamenak.
Interneteko YouTube atariko hauteskundeei buruzko kanalean eginiko adierazpenetan biek ala biek nabarmendu dute ETAren erabakiak «garai berri» bat ireki duela «terrorismoaren aurkako borrokan». Hauteskundeen ondoren eman ditzaketen pausoen inguruan ez dute azalpenik eman, baina hitz eman dute hautestontzietatik aterako den presidentea alderdi guztiekin batera irtenbide baten bila hasiko dela. Baldintza bakar batekin: gobernuak ez du kontzesiorik egingo. «Terrorismoaren aurkako borrokan garai berri bat ireki da. Hauteskundeak amaitzean, demokrata guztiok eseri beharko dugu, eta egoera hau nola kudea dezakegun ikusi beharko dugu», adierazi du Rubalcabak. Eta antzera mintzatu da Raxoi: «Hemendik aurrera, denok batera, batuta, legearekin eta Zuzenbide Estatuarekin lan egin behar dugu».
Joan den ostiralean Gara-n argitaratutako elkarrizketan, hauteskundeetatik aterako den gobernuarekin hitz egiteko prest azaldu zen ETA, eta elkarrizketarako hiru gai zehaztu zituen: euskal preso eta iheslariak etxeratzea, ETAren armak desegitea eta Euskal Herria desmilitarizatzea. Era berean, gatazka gainditzeko gakoei eutsiko dieten elkarrizketa politikoen alde azaldu zen, eta nabarmendu zuen bera ez dela eserita egongo konponbide politikoaren mahaian.
Gara egunkariak ETAri eginiko elkarrizketa argitaratu aurretik dago egina bideoa: azaroaren 11n, eta atzo eman zuten ezagutzera. Rubalcaba eta Raxoiz gain, azken legegintzaldian Espainiako Kongresuan ordezkaritza izan duten alderdi guztietako eledunek parte hartu dute ekimenean —Nafarroa Baikoak eta ICVkoak izan ezik—, eta erakunde armatuaren erabakiarekin lotura duen galdera bakar bati erantzun diote: «ETA behin betiko desegin dadin eta armak utz ditzan, zer kontzesio egiteko prest egongo zinateke?».
Alderdi guztiak kontzesioak egitearen aurka azaldu dira, baina ñabardura batzuk antzeman daitezke batzuen eta besteen erantzunen artean. Raxoik, adibidez, kontzesio hitza elkarrizketa politikoarekin lotu du, eta ETAk armak uztearen truke ez duela «kontzesio politikorik» lortuko dio —Gara-ri emandako elkarrizketan ETAk argitu zuen berak ez duela eztabaida politikoan parte hartuko—.
Era berean, PPko hautagaiak eutsi egin dio orain arteko jarrerari, eta haren politikaren oinarriak «legea eta Zuzenbide Estatua» izango direla esan du. «Legea berdina da guztiontzat».
Rubalcabak, bere erantzunean, «Poliziak, Guardia Zibilak eta epaileek» eginiko lana nabarmendu du, baina ETAren erabakiaren ondoren «garai berri bat» ireki dela uste du, eta horrek «terrorismoaren aurkako borrokan» eragina izango duela dio.
Espainiako Kongresurako EAJren zerrendaburu Josu Erkoreka, berriz, espetxe politika aldatzearen alde azaldu da, ERC eta BNGko hautagaiak bezala. «Alderdi guztiek onartzen dugun printzipio bat dago, ezker abertzaleak barne, eta hori da ETAk ez duela ezer jasoko: bakea bakearengatik da trukea. Hala ere, eskatzen ari gara terrorismoaren aurkako politikarekin lotura zuten espetxe politikako osagaiak desagertzeko», esan du Erkorekak.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Kanpainatik kanpoko agenda
ETA desegin arte ez dutela kontzesiorik egingo adierazi dute Rubalcabak eta Raxoik YouTuben eginiko adierazpenetanEspetxe politika aldatzeko eskatu dute EAJko, ERCko eta BNGko hautagaiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu