Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Kanpoko auditoria bat eskatuko du EAJk, «egiazko planifikazioa egiteko»

Jaurlaritzaren gastu arruntean egingo ditu murrizketa nagusiak, eta «ezinbestekoari» eutsiko dio

Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburua eta iñigo Urkullu lehendakarigaia, GBBren egoitzan atzo eginiko bileran. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia konpromiso hitza ari da erabiltzen, behin eta berriz, hauteskunde kanpaina honetan. Haren hitzaldietan gehien errepikatzen den hitza da hori. Konpromisoa krisialdi ekonomikotik irteteko, konpromisoa konponbide prozesua sendotzeko. Hala ere, Donostiako Aieteko jauregitik gertu egon arren, duela urtebete leku horretan eginiko Nazioarteko Bake Konferentzia ez zuen aipatu ere egin atzo , EAJren Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan eginiko ekitaldian.

Ez nazioarteko konferentzia, ezta bakegintza ere. Datorren legegintzaldirako EAJren «konpromisoen dekalogoa» aurkeztu zuen, ekonomiari lotuak guztiak. Soilik Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburuak izan zuen mintzagai «bakea eta bizikidetza». Gipuzkoarako zehaztutako bi konpromisoetako batean, ekonomiarekin batera. Bata zein bestean, eta zehaztasun handirik eman gabe, «akordio zabalak» beharko direla nabarmendu zuen GBBko presidenteak.

Hirigunetik urrun eta alderdiko zaleen txaloak eta animoak alde batera utzita, komunikabideei zuzendutako ekitaldia egin zuen atzo EAJk. Han izan ziren, Urkullu eta Egibarrekin batera, Eneko Goia Donostiako zinegotzi taldeko bozeramailea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegaia eta Gipuzkoako zerrendako gainontzeko kideak. Ekitaldia egin aurretik Urkullurekin bilduta egon ziren EAJren Gipuzkoako buruzagiak, lehen aipatutako biak eta Markel Olano barne. Ondoren, Goiak, Egibarrek eta Urkulluk hartu zuten hitza, hurrenez hurren, Donostiarako, Gipuzkoarako eta Euskal Autonomia Erkidegorako «konpromisoen zerrenda» azaltzeko. Zehaztasun handirik gabe mintzatu ziren, alderdiek hauteskunde kanpainetan ohi duten moduan. Urkulluk nabarmendu zuen, lehendakari hautatzen badute, «guztien» babesa beharko duela. Akordio zabalak bultzatu nahi dituela. Hori izaten ari da bere proposamenaren gakoetako bat. Eta hori izan daiteke hauteskunde kanpaina honetan zehaztasun handirik ez ematearen arrazoi nagusietako bat. Urkulluk berak esan du aldez aurretik ez duela kanpoan utzi nahi aurrera begira bidelagun izan dezakeen inor.

Horregatik, atzokoan ere, ez zuen arerio bakar bat ere aipatu. Ez siglarik, ez izenik. Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa izan zuen mintzagaia. Eta, zeharka bada ere, sozialisten kudeaketa salatu zuen. Urkulluk, baina, ez zuen kritika horietan sakondu nahi izan. Patxi Lopezen gobernuak utzitako egoera zein den aztertu nahi du aurrena, eta «aurrera egin», ondoren, alderdi jeltzalea hauteskunde kanpaina honetan erabiltzen ari den bi leloei erreferentzia eginez: Euskadi berpiztu eta Euskadi aurrera.

Urkulluren kritikak ez dira berriak. Urte hasieratik ari da esaten alderdi sozialistak zulo handia egin duela legealdi honetan. Hamar aldiz biderkatu duela Eusko Jaurlaritzaren defizita. Otsailean, Urkulluk ohartarazi zuen egoera ekonomikoa «biziki larria» zela, eta adierazpena horiek zalaparta handia sortu zuten, jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanak gaiztotuz.

Urkulluk atzo adierazi zuenez, 7.154 milioi eurokoa da Jaurlaritzak duen zorra. Jeltzaleek gobernua utzi zutenean, 2009an, kontuak «garbi» zeudela esan zuen, 600 milioiko zorrarekin.

Buruzagi jeltzalea, baina, ez da guztiz fio esku artean dituen datuekin. Horregatik, hitzeman du, lehendakari izendatzen badute, berehala hasiko dela kontuak begiratzen, eta kanpoko auditoria bat eskatuko duela iragarri du, gobernura iritsi eta «lehen minutuan». «Premiazkoa da abiapuntua ezagutzea, egiazko egoera ekonomikoari egokitutako planifikazioa egin ahal izateko». Ekonomia atzeraldian dagoela aipatu zuen Urkulluk, langabezia goraka doala, diru bilketak behera egiten duela eta, gainera, 2013. urtea «hipotekatuta» dagoela, «zorraren ordainketei aurre egin behar dielako Eusko Jaurlaritzak».

Konpromisoen «dekalogoa»

Egoera horri buelta ematekoekonomiaren zorroztasuna eta kudeaketaren eraginkortasuna «berreskuratu» behar direla adierazi zuen Urkulluk. «Gure konpromisoa da ahal dugun zorroztasun handienarekin eta aurrekontu diziplinarekin jardutea».

Horren harira, EAJko lehendakarigaiak konpromiso batzuk hartu zituen: Jaurlaritzak defizit muga ez gainditzea, gastu arrunta mugatzea, administrazioan ohiko gastua murriztea, barneko egitura arintzea, aholkulari kopurua jaistea, auto ofizialak murriztea eta erakunde arteko lankidetza hobetzea. «Itxurakoa, alferrekoa kenduko dugu, eta ezinbestekoa mantenduko dugu».

Bere gobernuaren marra gorriak ere aipatu zituen, neurri zehatzik proposatu gabe: gastu soziala, lana, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta pentsioak. Zerga sistemaren erreforma proposatuko duela ere adierazi zuen, «berrabiatze ekonomikora bideratuta», eta hori foru aldundiekinelkarlanean egin nahi duela.

Urkulluren aurretik, Joseba Egibar eta Eneko Goia mintzatu ziren. Egibarrek adierazi zuen krisialdia dela EAJren «lehentasuna». Hala ere, eta bakegintzarekin lotuta, esan zuen, aurrera egin nahi bada, hurrengo legegintzaldian«errespetuan oinarritutako bizikidetzarako arauak» zehaztu beharko direla Eusko Legebiltzarrean. Halaber, eta printzipio horietan oinarrituta, estatus politiko berrirako akordioa lor daitekeela uste du. Goia, berriz, Abiadura Handiko Trenarentzako geltokia eskatu zuen Donostiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.