Kantonamenduetako hautagaiei amnistiaz iritzia eskatu die Anai Arteak

Hautagaien erantzunak hauteskundeak baino lehen publikatuko ditu, bozkazaleak jakinean izateko

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko hamar kantonamendutan eginen diren bozen karietara, Anai Artea elkartea hautagai bakoitzari galdeketa bat helaraztekoa da, hautua egitekoa duten bozkazaleak jakinean izateko gisan.

Hiru puntu zehatz dauzka galdeketak. Bata, euskal preso politiko guztiak beren familiatik hurbilen diren presondegietara hurbiltzeaz. Bigarrena, larriki eri diren presoak preso ororen baldintza normalen arabera askatzeaz. Eta hirugarrena, euskal preso politikoen amnistia onartzeaz ETAk desagertzea erabakiko duenean nazioartearen kontrolpean. Hiru eskaera horiek Frantziako Gobernuari helaraziko dizkion Kontseilu Nagusiko ordezkari talde baten alde bozkatzera engaiatzen ote den galdegiten dio hautagaiari Anai Arteak, Frantzia eta Espainia hein berean inplikatuak direlarik. Horren eskasean, ordezkari talde bat sustatu edo sostengatzera prest ote den, nahiz eta horrek ez duen Kontseilu Nagusiko gehiengoa ordezkatzen. Erantzunak lehen itzulia aitzin jakinaraziko ditu elkarteak, martxoaren 20a baino lehen.

Gutunaz baliatzen da Anaia Artea, halaber, egoeraren azterketa bat eskaintzeko. «Frantziak sostengatzen duen errepresio politiko judizialak bere mugak erakutsi ditu», haren iduriko. «Gatazka humanizatzeko» helburuarekin nola euskal preso politikoen hurbiltzea lortu nahian dabilen azaltzen du bertan. Behin betiko konponbide baterako «presoen zortea apustu nagusia» dela azpimarratzen du.

Sozialistak Olzomendirekin

Betiere kantonamenduetako hauteskundeen testuinguruan, baina aldi honetan alderdi politikoen hautuez, atzo ofizialki jakinarazi du alderdi sozialistak Iholdiko kantonamenduan Daniel Olzomendi EH Baiko hautagaia sostengatzen duela. Herenegun arratsaldean jakinarazi zuen sostengua ematen diola, agiri baten bidez. Bertan «Izurako auzapez Olzomendiri Iholdiko kantonamenduan ezker osoa elkartzeko gaitasuna ezagutzen dio» alderdi sozialistak, eta, ondorioz, lehen itzulitik haren alde bozkatzera deitzen du.

«Departamenduan aldaketa nahi duen ezkerreko gizon bat» delako dutela batez ere sostengatzen zehaztu du Pierre Cheret Pirinio Atlantikoetako PSko idazkari nagusiak, bereziki «galdera sozialei begira». Cheretek gaineratu du ez dela «sekretupeko negoziaziorik, ez eta hautsi-mautsirik ere» sostengu horren gibelean. Abertzale baten sostengatzeko «arazorik» ez dutela: «Euskal Herriari, euskal departamenduari eta horiei guztiei buruzko gure iritzia ezaguna da. Sozialista hautetsi guztiek ere ez dute jarrera bera, baina hori osoki asumitzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.