Gazte estrategiak ziklikoak dira. Errealitateari eta mementoko fasearen helburu eta funtzioei egokitzen zaizkie». Hori zion Amaia Elixeri Segiko bozeramaile izandakoak BERRIAri, Segi erakundearen desegiteaz aritzerakoan, iazko ekainean. Hori horrela da. Ipar Euskal Herriko gazteriak historia bat du, egituraz egitura, iragan aberatsa du, eta guzti horren segida bezala kokatu behar da Aitzina.
Gazteriak izan zen Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarrak batuko zituen lehen antolakundea, 1995ean. «Aitzinetik ere baziren talde batzuk, EMA,Herriaren Alde... tendentzia politiko bakoitzak zuen bere tresna gazterian», gogoratzen du Xabi Duhalde Gazteriak-en sortzaileetan egondakoak. Zatiketa horiek gainditu nahian ziren biltzen hasi hainbat gazte 1994ean. Hastapenean ez zuten erakunde baten sortzeari pentsatzen. Urte batera ziren bozketei begira, gazte ikuspegitik lanketa bat eraman nahian hasi ziren biltzen. «Abertzaleen arteko zatiketa ezagutzen genuen eta guk erakutsi nahi genien zatiketa gainditu eta puntu batzuen inguruan adostea posible zela».
Loraturiko dinamika ederrak erakunde bat sortzeko galdera mahai gainera ekarri zuen. 1995 hauteskundeak eta gero biltzar nagusi bat burutu zuten Hazparnen (Lapurdi) 80 bat gaztek. Dinamika segitu ala ez eztabaidaturik, aitzina segitzea erabaki zuten. «Hortik sortu zen Gazteriak. Hasieran ez zen hain politikoa, herrietako dinamikak lotzen zituen eta eztabaida orduetan zen polikipoliki ildo politikoa landuko eta finkatuko», Duhaldek gogoratzen duenez. Etxebizitza, euskara, lana, errepresioa... Hainbat gai lantzen zituzten, eskualdeka eta artetan batera, biltzar nagusietan eta Gazte Egunetan. 1996 urtetik aitzina errepresioa areagotuz joan zen eta horrek ere eragin zuen ildo politikoaren azkartzea: «Errepresio handia bizi genuen eta jendea gertatutakoaz galdezka zebilen... Erantzun kolektiboa eman beharra genuen».
Ikuspegi nazionala jorratuz
Laster, 1997tik aitzina, Jarrai erakundearekin harremanak sendotuz joan ziren. Areagotu egin ziren 1998 aitzina. «Lizarra-Garazi akordioak ekarri zuen nazio estrategiaren ikuspegia. Estrategia horretan urrats errazena eta logikoena izan zen gazteriaren batzea», Duhalden hitzetan. 2000 urteko apirilaren 22an emanen zuten urratsa Kanboko Gazte Topagune jendetsuan, Haikaren sorrerarekin.
Tokian tokiko lanketa eramanez eta bi astetarik behin batzar nazionalak burutuz, «herri gisa» lanean hasi ziren. «Mugimendu bakar bat egiteak erantzuten zuen errealitate bati: Parean estatuek herri gisa hartzen eta kolpatzen gintuzten ; guk ere herri gisa antolatu behar genuen», Haritza Galarraga Haikako kidearen hitzetan. Haikak ezin izan zuen ordea luzaz iraun. 2001eko martxoan mugimenduaren aurkako polizia operazioa egin eta hamabost gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Ondoko egunetan atxiloketa gehiago izan ziren eta guztiak preso sartu zituen Baltasar Garzon epaileak. «Estatuek ez ziguten utzi hauspoa hartzen. Bide okerretik abian baldin baginen ez ziguten hainbeste golpe emanen» gogoratzen du Galarragak.
Eraso horri erantzuteko asmoz, bi hilabete geroago, Gazte Bilgunea sortuko zuten hainbat gazte eragile eta mugimenduk. Hortik beste bi hilabetera Segi egitura abiatu zuten 250 bat gaztek Iruñean. Ipar Euskal Herrian Haika beti legala izanki, honen bilakaerari buruzko barne eztabaida ukan zuten, azkenean, Haika desagertu eta Segi sortzeko hautua eginez. Baina laster, 2002ko otsailean ilegalizatu zituen Garzon epaileak. Ipar Euskal Herrian ere sentitu zen zuzenki errepresioa, Galarraga, Amaia Rekarte eta If Matxikote Segiko kideenaurkako euroaginduak aurkezturik. Espainiaratzea ez zuen onartu, ordea, Frantziako Justiziak.
Hego Euskal Herrian ilegala izan arren, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan aitzina segitu ahal izan zuten. Etxebizitzaren gaia, euskara zein errepresioaren aurkako borroka, hainbat esparrutan lan egin zuten urtez urte. Tresna beti hor izan arren, gazte gutxi biltzen ziren barnean.
Arrazoi bat baino gehiago ematen dituzte Galarraga eta Elixerrik: «Errepresioak, abertzaleen arteko zatiketek, azkartuz doan indibidualismoak eta gazteriarekin egin beharreko elkarlanak oztopatzen zuten Segiren izaera». Guzti horretaz kontziente zuten 2009ean barne hausnarketa bat abiatu. Hortik atera zen Segi desegiteko erabakia. Antolakundea desegin arren ez zaie ordea antolatzeko gogoa desegin: «Borrokan jarraituko dugu, eta bat egiten dugu ezker abertzalearen estrategia berriarekin».
Kapitulu berri bat historian
Gazteriak, Haika eta Segi. Azken bi hamarkadak gazte ezkertiar eta abertzaleentzako erakundez josiak izan dira Ipar Euskal Herrian, eta aldi oro mementoko egoerari ekarpena egin diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu