Karlosenak ez du baztertu bi urte barru NUPen Medikuntza eskaintzea

Alfonso Karlosena errektoreak iragarri du zazpi gradu berri eskainiko dituela 2019-2020rako

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak gradu eskaintza handituko du datozen bi urteetan. 2019-2020ko ikasturterako zazpi gradu berri izango dituela jakinarazi zuen atzo Alfonso Karlosena errektoreak. Eskaintza hori datorren ikasturtean handitzen hasiko da, eta hurrengoan are gehiago zabalduko da. Medikuntza ez dago ikasketa berri horien artean, baina Karlosenak ez du baztertu bi urte barru prest egongo denik. Horretarako lanean ari direla berretsi du, baina ohartarazi du prozesua luza daitekeela.

Hemezortzi gradu dauzka egun NUPek. Unibertsitatea jaio zenetik ez du eskaintza berritu; beraz, Karlosenaren ustez, zazpi gradu horiek «jauzi kualitatibo» bat ekarriko dute. Datorren ikasturtean lau gradu berri eskainiko dituzte: Bioteknologia, Zientziak, Datuen Zientzia, eta Ingeniaritza Biomekanikoa. 2019-2020ko ikasturtean, berriz, beste hiru: Psikologia, Historia eta Ondarea, eta Nazioarteko Harremanak eta Lankidetza. Horrez gain, egungo Ingeniaritza ikasketetan espezializazio berri bat egongo da: Marketina industria ikuspegitik.

Datorren ikasturtean eskainiko dituzten ikasgaien tramitazioa aurreratuta dagoela azaldu du Karlosenak. Aneca Kalitatea Ebaluatzeko eta Ziurtatzeko Espainiako Agentziak oniritzia eman die, eta bi pauso falta zaizkio: Unibertsitateen Kontseiluak behin betiko oniritzia ematea, eta Nafarroako Gobernuaren baimena jasotzea. Lehen pausoa aste honetan gerta daitekeela iragarri du, eta ez du uste Nafarroako Gobernuak arazorik jarriko duenik.

Medikuntzan, arreta handia

Medikuntza, ordea, «kasu berezia» dela aitortu du NUPeko errektoreak. Gradua sortzeko eta ikasketen kalitatea bermatzeko, unibertsitate barruan ez ezik, kanpoan ere lan egin behar dela azaldu du. Kanpoko eragileekin egindako tramitazioak atzeratu dezake prozesua, batez ere Medikuntza graduaren gaineko arreta «handiagoa» delako. «Beste graduen modukoa balitz, bi ikasturte barruko eskaintzan egongo litzateke; ordea, badakigu Medikuntza lupa handiagoarekin begiratzen dutela».

Izan ere, graduak «berezitasunak» dituela onartu du Karlosenak. «Testuinguru politikoarekin» lotutako ezaugarriak ditu:«Ezin da Medikuntza gradu bat sortu Nafarroako Osasun Sistemaren lankidetza argirik gabe». Errektoreak gogoratu du egungo Nafarroako Gobernua gradua ezartzearen alde dagoela. Ordea, etorkizunean behin betiko oniritzia eman beharko dio, ikasketa horiek ezartzearen inbertsioa aztertzean. NUPen finantzaketa hitzarmenean zehaztuta dago Medikuntza aparteko diru sail batean sartuko litzatekeela.

Zazpi graduek 300 ikasle berri erakarriko dituztela aurreikusi du Karlosenak. Horri erantzuteko azpiegiturak egokitu beharko dituztela azaldu du. Datorren ikasturtean hasiko dituzte ikasgelen eraikina handitzeko lanak. Medikuntza eskainiz gero, logikotzat jo du gradua ospitale gunetik gertu eskaintzea, baina ez du zehaztu non; azpiegiturez ere gobernuarekin hitz egin beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.