Karrantzan bizi zen Misael Centeno 31 urteko nikaraguarra. Azaroaren 30ean aurkitu zuten haren gorpua Karrantza ibaian. Hiru egun lehenago galdu zen haren arrastoa; taberna batean istilu batean nahastuta ikusi zuten azkeneko aldiz. Auzi medikuek ondorioztatu dutenez, hil egin zuten.
Karrantza ibaian, Kantabriako (Espainia) Ramales de la Victoria herriaren parean aurkitu zuten hilotza. Familiak aurreko igandean bertan jarri zuen salaketa. Kantabriako auzi medikuek egin diote autopsia, eta hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Centeno hil egin zuten. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, hil ostean bota zuten uretara, edo konorterik gabe zegoenean.
Balmasedako epaitegira eramango dute ikerketa orain.
Lekukoen arabera, Centeno taberna batean zegoen lagun batzuekin, beste bezero batekin istilua eduki zuenean. Garagardo ontzi bat bota zion gazte bati. Azken horren lagunak Centenoren atzetik korrika hasi ziren. Gero zer gertatu zen ez dute argitu.