Iruñeko Zigor Arloko 2. Epaitegiak bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion autobus gidari bati, 2020ko urtarrilean Lizarran (Nafarroa), autobusaren kontrola galdu eta bi haur hiltzeagatik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du zigorra.
Epaitegiak lau delitugatik zigortu zuen autobus gidaria: heriotzak eragin zituzten bi zuhurtziagabekeria larri eta lesioak eragin zituzten bi zuhurtziagabekeria larri. Horrez gain, debekatu egin zion hiru urtean ibilgailu motordunik gidatzea.
2020ko urtarrilaren 19an, gidaria La Estellesa garraio enpresaren autobus bat gidatzen ari zen. Logroño (Errioxa, Espainia) eta Iruñea arteko ibilbidea egiten ari zen. Ibilbidea ezagutzen zuen, lehen ere egina zuen, baina lehen aldia zen autobus hori gidatzen zuena. 20:00ak aldera Aiegin (Nafarroa) geratu, eta Lizarrara abiatu zen.
Autoak, semaforoa, gasolindegia
Lizarrako sarreran, abiadura muga orduko 40 kilometrokoa zuen eremu batean, autobusa balaztatu beharrean, azeleratu egin zuen. Gainera, maldan behera zihoan. Epaiketan, Guardia Zibileko adituek esan zuten orduko 61 kilometroko abiaduran zihoala. Autobusa bidetik atera zen, eta espaloira igo. Gidariak autobusaren kontrola galdu zuen, epaiaren esanetan: «Ez zuen erabili ez esku balaztarik, ez ibilgailua balaztatzeko beste biderik». Hesi bat eta semaforo bat jo zituen, eta berriro errepidera bueltatu zen. Errepidea gurutzatu zuen, eta auto bat jo zuen. Autoa txikituta geratu zen. Autoan ama eta bi seme-alabak zihoazen. Haurrak hil egin ziren; amak lesio larriak izan zituen. Autoa jo eta gero, autobusa errepidetik atera zen, ibilgailu gehiago jo zituen, eta baita gasolindegi bat ere.
Gidariaren defentsak bi arrazoitan oinarritu zuen helegitea: bata, haren iritziz, zuhurtziagabekeria ez zela larria; bestea, zigortzeko erabilitako frogek ez dutela erakusten istripua gidariak eragin zuenik. Lehen argudioa atzera bota dute, jurisprudentzian oinarrituta. Bigarrena atzera botatzeko bat egin dute auzialdiko epaiarekin. Epai haren arabera, hiru arrazoik eragin zuten istripua: gidariak abiadura moteldu beharrean azkartu egin zuela; ez zuela erabili ez esku balaztarik eta ez ibilgailua geratzeko beste bitartekorik; eta ez zuela behar besteko arretaz gidatu. Epaiketan, adituen txostenek baztertu egin zuten autobusaren balaztatze sistemak akatsen bat zuela. Epailearen esanetan, «autobusa geratzeko moduak bazeuden, baina gidariak ez zituen erabili, ez zuen jakin egoerari aurre egiten».