Crispin Batiz. Presoen mediku ohia

«Kartzelan eginiko urteen ondorioak betiko izaten dira»

jokin sagarzazu
Donostia
2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogorza aske uzteko Donostian eginiko elkarretaratzean parte hartu zuen atzo Crispin Batiz neurologo eta hainbat urtez euskal presoen mediku izandakoak.

Gogorzak bezala, gaixotasun psikologikoak dituzten presoentzat zenbateraino da arriskutsua gose greba egitea?

Oso handia da arriskua, fisikoki eta psikologikoki. Psikologikoki ezin dugu ondo neurtu eragina, esperientzia edo kasu gutxi ditugulako Gogorzak dituen gaitzekin gose greba egin duten presoenak eta preso ez daudenenak. Baina ziur ondorioak latzak direla. Gainera, lehenbiziko gose greba ez denean, kalte psikologikoa handituz joaten da.

Halako egoeran dagoen bati espetxean jarraitzeak nola eragin diezaioke?

Kartzelako baldintzak oso gogorrak dira, eta are gehiago gose greban. Baraualdiak iraun bitartean nabari dira ondorioak, baina gerora ere bai. Kartzelatik kanpo zaudenean, ondorio psikologikoei ere errazago egin diezaiokezu aurre, babesa daukazulako, baina han babesik ez dago, egoera oso latza da, eta, beraz, denbora gehiago irauten dute gose grebaren kalte fisiko eta psikologikoek. Konpon ezin daitezkeen ondorioak ere sor ditzake: aurreko egoera okertu daiteke edo gaitz berriak gehitu. Kartzelan eginiko urteen ondorioak betiko nabari dira osasunean.

Gogorzak espetxetik kanpo egon beharko luke tratatzeko?

Derrigor. Espetxeetako medikuen portaera positiboa izanda ere, espetxeetako egoera zein den ikusita, oso-oso zaila da baldintza horietan gainditzea gaitza, eta, kasu gehienetan, kartzeletako medikuak ez dira ondo portatzen, ez diete batere laguntzen.

Nolakoak dira konfiantzazko medikuen lan baldintzak?

Oraindik badago egitura bat —Jaiki Hadi—, baina baldintzak izaten dira jasanezinak, batzuetan ez baitiete uzten sartzen edo lan egiten. Garai batean izaten genuen aukera presoekin egoteko eta kontsultetara joateko, baina hori amaitu da. Aznarren eta Mayor Orejaren gobernuaren garaitik, hori ezin da egin; gauzak okertu dira asko, eta espetxean sartzea ere ezinezkoa bihurtu da. Medikuek lortzen duten bakarra izaten da modu ez zuzenean, familien bisiten bidez eta.

Egoera beste bat da Euskal Herriko espetxeetan?

Ez. Garai batean, Martutenen errazagoa zen, hango medikuak ezagutzen genituen, eta haiek ere eskatzen ziguten joateko, baina egoera asko gogortu da Espainiako eta Frantziako estatuen espetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.