Ana Lopez, Zigor Ruiz eta Iñigo Albisu Erresuma Batuak (EB) atzo Espainiaratu zituen euskal herritarrak kartzelan sartu dituzte gaur, ETAko kideak direlakoan, Santiago Pedraz eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaileen aurretik pasatu ostean -Pedrazek Lopez hartu du, Garzonek beste biak-.
Hirurak iazko apirilaren 27an atxilotu zituzten, Sheffield hirian (EB), eta Londresko Auzitegiak abenduaren 14an hartu zuen haiek Espainiaratzeko erabakia.
Lopez, Ruiz eta Albisuren kontrako epaiketa abenduaren 4an hasi zuten, Londresko Auzitegi Nagusian. Garzon epaileak euroagindua eman zuen eta uztailean Westminsterreko (EB) Magistratuen Auzitegiak haiek Espainiara igortzea erabaki zuen. Orduan, baina, defentsa abokatuek helegitea aurkeztu zuten, eta helegiteaz erabakia hartzeko epaiketa hasi zuten abenduaren hasieran.
Epaiketan Richard Gordon defentsa abokatuak esan zuen tortura testigantza batean oinarritzen zela hiru akusatuen aurkako salaketa, baina auzitegiak ez zuen hori kontuan hartu abenduaren 14an erabakia hartzean.
Politika
Kartzelan sartu dituzte Ana Lopez, Zigor Ruiz eta Iñigo Albisu
Erresuma Batuak atzo Espainiaratu zituen. Apirilean atxilotu zituzten hirurak, ETAko kideak direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu