Atxiloketak

Kartzelan sartu dituzte Martitegi, Uriarte, Azpitarte, Garcia, Ortiz de Ginea, Bravo eta Iriarte

Guerrari bihar arte luzatu dio atxiloaldia Garzonek. Asteburuan atzeman zituzten, ETArekin zerikusia dutelakoan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du poliziek Martitegi, Uriarte eta Azpitarteren atxiloketan "bortizkeria handia" erabili zutela.

2009ko apirilaren 23a
10:59
Entzun 00:00:0000:00:00
Laurence Le Vert Frantziako epaileak espetxera bidali ditu Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte ustezko etakideak bart, atzo hartu eta gero. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Martitegi Nanterren sartu dute, Uriarte Meauxen eta Azpitarte Osnyn. Larunbatean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Ipar Katalunian, Montoriolen.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, berriz, Igor Garcia Otxoa, Asier Ortiz de Ginea, Sergio Bravo Saez eta Gorka Iriarte bidali ditu espetxera, bart, ETArekin zerikusia dutelakoan. Lehengo asteburuan atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, Ipar Kataluniako operazioaren ondoren. Garcia Otxandion (Bizkaia) atzeman zuten, Ortiz de Ginea Gasteizen, Bravo Bilbon eta Iriarte Errenterian (Gipuzkoa).

Jonathan Guerra Tejero ere atzeman zuten Gasteizen, eta Garzonek atxiloaldia bihar 12:30ak arte luzatzea erabaki du. Olaritz Arakama igandean utzi zuten libre -Gasteizen atxilotu zuten-.

AAMk salatu du Martitegi, Uriarte eta Azpitarteren atxiloketan "bortizkeria handia" erabili zutela poliziek. "Azpitarte eta Martitegi lurrera bota zituzten, eskuburdinak zituztela aurpegia zapaldu zieten eta ostikoz jo zituzten behin eta berriz. Azpitartek medikuen beharra behar izan zuen ondoren. Aurpegian ubeldura ugari du, eta puntuak ditu eskuin bekainean eta ezkerreko masailean. Aurpegia lurraren aurka zuela, harri bat sartu zitzaion azalean, eta harria atera behar izan diote. Uriartek, berriz, ezpaina zauritua du eta kolpeak ditu gorputzean".

Atxiloketa hori poliziek telefono mugikorren bidez grabatu zutela ikusi ahal izan zuten atxilotuek, AAMk dioenez.

Ikerketaren iturriek diote Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai "pixka bat", hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu zietela.

Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.