Epaileak kartzelara bidali du asteazkenean Abadiñon (Bizkaia) bi emakume hil zituelakoan atxilotutako gizona. Emaztea eta amaginarreba hil dituela aitortu zion Ertzaintzari gizonak. Horixe baieztatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek. Mari Luz Alejo Rodriguezen senarra eta Amelia Rodriguez Sardonen suhia zen gizona. Arratsaldeko lehen orduan eraman dute epailearengana, eta espetxeratzeko agindu du hark. Basauriko kartzelara (Bizkaia) sartu dute gizona.
Alderdi politiko, instituzio eta eragile ugarik salatu dute bi emakume horien hilketa, eta mobilizatzera deitu zuten atzo: manifestazioa egin zuten Abadiñon, eta bertze hainbat lekutan ere egin zuten protesta.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, litekeena da arrazoi ekonomikoak egotea hilketaren zergatien artean. Hain zuzen, erran dute balitekeela hildakoen eta ustezko hiltzailearen artean eztabaida sortu izana etxeko arazo ekonomikoengatik. Nolanahi ere, emakumeen aurkako indarkeria kasu bat izan dela adierazi dute eragile gehienek. Eusko Legebiltzarrean, erraterako, adierazpen instituzional bat irakurri zuen Bakartxo Tejeria presidenteak alderdi guzien izenean herenegun goizean, eta minutu bateko isilunea egin zuten. «Irmotasun osoz» baztertu zuten gertakaria, eta herritarrei «konpromiso pertsonal eta kolektiboak» hartzera dei egin zieten: «Helburua da emakumeen kontrako indarkeriarik ez gertatzea berriro ere, eta are gutxiago Mari Luz eta Ameliaren erailketa bezalakoak».
Gaitzespen zabala
Legebiltzarraz gain, eragile ugarik salatu dute Abadiñoko hilketa. Emakundek, erraterako, adierazi du emakumeen aurkako bortizkeria dela ezberdintasunaren adierazgarri «latz eta gogorrena». Eudelek, berriz, erran du hilketek arazoaren «alderdi bat» bertzerik ez dutela erakusten: «Egoera hori emakume eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da». EH Bilduk ere indarkeria matxistaren logikan kokatu du gertakaria. Koalizioaren ustez, indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera bakan edo salbuespen gisa ulertu: «Indarkeria egiturazkoa da, eta sistemak funtzionatzeko ezinbesteko tresna». Bide horretan, gaineratu du bortizkeria matxistak iraun bitartean ez dela izanen «demokraziaz, normalizazioaz eta bakeaz hitz egiterik». PSE-EEko Pilar Riosek ere baieztatu du genero indarkeria gizartean bizirik dagoen «gaitza» dela eta justua eta berdintasunezkoa «izan nahi duen» gizarte batek ezin duela halakorik onartu. Emakumeen Mundu Martxak oroitu duenez, gaurgero bortz emakume hil dituzte Euskal Herrian aurten, eta gogora ekarri dute Bilboko gizon batek bere bi alabak hil zituela orain dela bi aste. Bertzalde, Mari Luz Alejo zenak lan egiten zuen enpresan, Inyectametalen, 150 langile inguruk bortz minutuko elkarretaratze isila egin zuten atzo goizean.
Erantzukizun eskean
Gaitzespenetik haratago, zenbait eragilek erantzukizuna eskatu diete instituzio, komunikabide eta norbanakoei. Emakunderen iritziz, erraterako, «gizarte osoaren inplikazioarekin bakarrik» lortuko da indarkeria desagerraraztea, eta, horretarako, balioak aldatu behar dira. EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu, hala nola prebentziorako neurri tekniko eta ekonomikoak handitzea, hezkuntzan lerro propioa garatzea, instituzioetako protokoloa «urgentziaz» berrikustea, adierazpen sexistak kontrolatu eta zigortzea, gizartea aktibatzea eta hedabideetarako protokoloa adostu eta martxan jartzea, «mezu kontraesanezkoak» ekiditeko, bertzeak bertze. Komunikabideei dagokienez, hain zuzen, koalizio subiranistak salatu du nagusitu ohi diren mezuek emakumeak erantzule gisa kokatzen dituztela, salaketarik jartzen ez dutela zabaltzen dutelako: «Horren aurrean argi esan behar dugu fokua erasotzaileengan eta indarkeria matxistaren iturrian jarri behar dugula».
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere egin die kritika hedabideei eta horietan errandako adierazpen zenbaiti. Zehazki, hainbat kargudun publiko eta komunikabidek hilketak genero indarkeriarekin lotzeko «erresistentziak» izan dituztela gaitzetsi du: «Besteak beste, herriko alkatearen lehen hitzak, 'oso arraroa litzatekeela' esanez, eta hainbat telebista katetan bestelako teoriei emandako pisua, 'gizon bakar batek hori dena ezin egin' zezakeela argudiatuz». Alderantziz, horrelakoak «tamalez hain arraroak» ez direla azaldu dute, eta kargudun publikoei zuhurtziaz jokatzeko exijitu diete.
Atxilotu bat Gasteizen
Gasteizen ere genero indarkeria kasu baten berri izan zen herenegun. Emazte ohia eta haurrak mehatxatu eta emakumearen lagun bati eraso egitea leporatuta, 27 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek.