Zentsura

Katakrak-en izango da Iruñeko Udalak zentsuratu nahi izan duen sexualitateari buruzko hitzaldia

Gaur zen egitekoa, Emakumeen Etxean, baina udalak kendu egin zuen programatik herenegun. EH Bildu, PSN eta Geroa Baik kritikatu egin dute udalaren erabakia.

Paola Damonti. IDOIA ZABALETA, FOKU
2020ko urtarrilaren 24a
11:07
Entzun

Azkenean egin egingo da Iruñean udalak zentsuratu nahi izan duen sexualitateari buruzko hitzaldi feminista. Katakrak liburu dendan izango da, horko arduradunek atzo sare sozialetan jakinarazi zutenez. Gaur zen egitekoa, baina azkenean gaur zortzirako programatu dute.

Brecha orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama izenburua du (Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino), eta Paola Damonti ikerlari feministak emango du. Hasieran, Emakumeen Etxean egitekoa zen, baina programatik kendu zuen udalak, hizlariari telefonoz azaldu ziotenez. «Erabaki politiko bat izan da, hitzaldia ez dutelako egoki ikusten». Damontiri esan ziotenaren arabera, udaleko Berdintasun Sailak hartu zuen erabakia.

Damontik BERRIAri esplikatu zionez, orain hilabete batzuk hitzartu zuen hitzaldia udalarekin, eta normal-normal egin dute haren zabalkundea, bai Emakumeen Etxearen programan —herenegun goizera arte egon zen webgunean, baina gero kendu egin zuten—, bai sare sozialen eta kartelen bidez. Egilearen ustez, izenburuak eragin du gatazka: «Goiburuek deigarriak izan behar dute, eta ez dakit zer arazo dagoen izenburu batean orgasmo hitza agertzearekin. Gizarte honetan pornografia dago leku guztietan, emakumeak objektu gisa tratatzen dira, baina ez da egokitzat jotzen sexualitateaz hitz egitea ezagutzatik eta genero ikuspegitik».

Oposizioaren haserrea

Atzo, adierazpen bateratu bat aurkeztu zuten EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen Iruñeko udal taldeek, urtarrilaren 28ko Herritarren Aferen Batzordean lantzeko. Adierazpen horretan, debekua kritikatu zuten, eta eskatu zuten hitzaldia «lehengo baldintza beretan» egitea eta hizlariari barkamena eskatzea.

Haserre agertu ziren Navarra Sumak hartutako erabakiarekin, eta adierazpenaren bidez «gaitzespen irmoa» egin zuten. «Zentsura antidemokratikoa da, eta adierazpen askatasuna, berdintasunaren inguruko legedia eta udaleko ordenantza urratzen ditu», ziurtatu zuten. Gainera, «gainbehera sektarioa eta autoritarioa» salatu zuten, eta udal gobernuari egotzi zioten erakundeak «alderdikeriaz» erabili zituela. Era berean, nabarmendu zuten erabaki horren bidez «kolektiboen askatasunean» sartzen direla, eta «irizpide politikoa» berdintasunaren inguruan lan egiten duten pertsonen «irizpide teknikoaren» gainetik jartzen dela.

Babesa erakusteko ere baliatu dute adierazpena hiru alderdi horiek. Zehazki, Emakumeen Etxeko kolektiboei eta mugimendu feminista guztiei mintzatu zaizkie, «azken urteetako aurrerapen garrantzitsuen protagonistak» izan direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.