Euskal Herria

Kataluniaren ispilua euskal bidearentzat

Kataluniako prozesu independentistak Euskal Herrian utz ditzakeen irakaspenez eta izan ditzakeen ezberdintasunez gogoeta egin dute. [youtube]https://youtu.be/yU73OMnRBes[/youtube]  

joxerra senar
2016ko martxoaren 10a
14:58
Entzun

Azken urteetan mundu guztia Kataluniara begira dago, baita Euskal Herrian ere. Arretaz begiratzen zaio hango prozesu independentistari. Gorabeherekin, bina aurrera egin du. Horregatik, atzo Iruñean antolatutako hitzaldian, Zer ikasi Kataluniako prozesutik? izenburupean gogoeta egiteko proposatu zien Norabideak bertako egoera ondo ezagutzen duten hiru euskal herritarri: Martin Aranburu politologoa, Arantza Santesteban historialaria eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago mugimenduko ordezkaria. Kataluniaren ispilua euskal bidearen gain proiektatu zuen, eta bi lurraldeak fase desberdinetan izanagatik, hainbat ideia interesgarri atera ziren.

Hitzaldia hasi aurretik, bideo bidez hiru kataluniarrek euren lekukotasuna eman zuten: Lluis Llach abeslari eta Junts pel Si-ko ordezkariak, Irene Martin Kataluniako Biltzar Nazionaleko kideak eta David Fernandez CUPeko ordezkariak. Hiruek azpimarratu zuten herri borondatearen indarra. «Protagonista nagusia, ez bakarra, kalean datza eta horrek bakar bihurtzen du Kataluniako prozesua», azpimarratu zuen Llachek. Martinen aburuz, prozesua abiatu zen kataluniarrek «kanpora begiratu ordez, barrura begiratzeari ekin ziotenean». Fernandezek, berriz, beste ondorio bat azpimarratu zuen. «30 urtez erregimenaren leloa izan zen indarkeria politikoak desagertuz gero, proiektu politiko guztiak garatu zitezkeela, eta hori agerian geratu da erabat faltsua zela». Aurrean duten estatuaren immobilismoak batzen ditu era berean Katalunia eta Euskal Herria.

Martin Aranburuk urte asko daramatza Katalunian bizitzen, eta interesgarri egin zaio 2010etik independentismoak eman duen jauzi handia: %20 ingurutik egungo %46 ingurura. Inflexio puntua Konstituzionalaren 2010eko epaia izan zen, orduan eten baitzen Jordi Pujolek sustatutako ideia: Espainia eraikitzen lagundu Katalunia eraikitzeko. «Jendearen buruetan klik egiten da, eta independentziaren aukera estatu berri eta proiektu berri baten ideiarekin lotzen da». Aranbururen ustez, ordea, Katalunian «ondo» egin da lan eta gehiengoak ezker-eskuin bilatzeko baliabide intelektualak jarri dira, herritarrei datuen eta ikerketen bidez egoeraren «argazkia parean jartzeko» eta estatuaren paretarekin topo egiteko. «Euskal Herrian kapazak gara estatu berri bat prozesu eraldatzaile bezala azaltzeko?», galdetu zuen.

Santestebanen ustez, «oso prozesu desberdinak dira». Bere irudiko, Euskal Herrian independentismoa egituratzeko «ardatz berriak» topatu behar dira. Abertzaletasun modernoaren bultzaitzaileak, Sabino Aranak, arrazan oinarritu zuen lehen ardatza. Mende erdi pasa geroago, Frederiko Krutwigek ezkerreko ikuspuntua eman zion. Orain, berriz, ardatz berria «demokraziarekin» bilatu behar da, «dimentsio berria» emango baitio. «Ardatza berritu egin behar da eta eragile guztiek egin behar lukete: ezker abertzaleak, gizarte mugimenduek, euskalgintzak, sindikalismoak... Baldintzak badaude, baina ez da egiten». Bere irudiko, eskatzen du orain arteko politikaren logika aritmetikoak alboratu eta politika molde berriak baliatzea, fronteak alboratuz eta ahalik eta sektore gehienak aktibatuz. Sindikalismoak eta feminismoak egindako ekarpena jarri du adibide gisa.

Behetik gora

Zelai Nikolasen irudiko, mentalitate aldaketa beharrezkoa da. «Denok pentsatzen genuen goitik behera etorriko zela eta Kataluniak erakusten du behetik gorakoa izan behar duela». Nikolasen arabera, politikariei botatzen zaie errua, baina zain geratzen dira, herritarren presioak berak gauzak mugiarazi ditzakeela oraindik barneratu gabe. Era berean, Espainiaren immobilismoak duen ahulezia azpimarratu zuen. Estatuaren aparatuek protesta gauza txar bezala saldu arren, Estrasburgoko auzitegiak balioztatzen du «oinarri-oinarrizko eskubidea» dela protesta. «Adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko askatasunak biltzen ditu. Konstituzioak ere babesten du eta muga horiek mugatzeak tentsio interesgarria sortzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.