Kemen Uranga atxilotu du Poliziak Londresen

Estradizio eskaera bat dela eta, atxilotu eta espetxeratu egin dute; ETAri laguntza ematea leporatzen diote

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Londres iparraldeko Kentish Town auzoan atxilotu dute Kemen Uranga Artola ondarrutarra. Britainia Handiko Poliziak egin du operazioa, Espainiako Poliziaren laguntzarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua ezarria zuen 2001. urtetik, ETAri laguntza ematea leporatuta. Atxilotu ostean, Westminster Auzitegiko Nicholas Evans epailearen aurrera eraman dute. Bertan, Urangak uko egin dio Espainiaratua izateari. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nagusiko epaileak egin du Uranga Espainiaratzeko euroagindu eskaera.

Estradizioari uko egin ostean, Evans epaileak behin-behinean espetxera bidali du Uranga abuztuaren 15era arte. Orduan, bermea ordainduta aske uzteko eska dezake haren defentsak. Hala ere, Espainiaratzeko prozesua ez da abiaraziko irailaren 5era arte, egun hori jarri baitio epaileak estradizio prozesuaren hasierari.

Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi du atxiloketa hau Londresen egin izanak erakusten duela «Europako bazkide eta aliatuekin» Espainiako poliziek duten elkarlana. ETAri ohartarazi dio desegiten ez bada ez diotela utziko «ekintza terroristak» egin dituztenak bilatu eta atxilotzeari.

«Aieteko bidearen aurka»

Ezker abertzaleak adierazi du atxiloketa honekin Aieteko Adierazpenak ezarritako «konponbide integralaren aurka» egin duela Espainiako Estatuak, euskal gizartearen gehiengoak nahi duenaren aurka. Aieteko «konponbide integral baterako bide orria» aipatuta, ezker abertzaleak gogorarazi du ETAk urratsak egin eta elkarrizketarako bideak jarri dituela. Gainera, euskal gizartearen gehiengoak ere «immobilismoa ardatz duen bide zaharkitua» aldatzeko eskatzen duela dio ezker abertzaleak; besteak beste, presoen inguruko aldarrikapenak gogoratuz: «Orain, estatuak du baloia bere teilatuan».

EAko Pello Urizarrek, berriz, esan du Raxoiren gobernuak atxiloketak «tantaka» egiten jarraituko duela, iritzi publikoaren arreta arazo ekonomikoetatik desbideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.