Bost hilabete pasatu eta gero, azken astean sartu da herriko tabernen auziko ahozko epaiketa. Ostiralean irakurri zituen ondorioak fiskalak, eta, bezperan, murriztu egin zituen zigor eskaerak. Atzoko saioa herri akusazioek hasi zuten, eta horien ostean, auzipetuen defentsak izan zuen absoluzio eskaerak argudiatzeko tartea. Auzipetuei azken hitza emanda bukatuko da ahozko epaiketa; aurreikuspenen arabera, asteazkenean.
AVTk hartu du hitza lehenengo. 1997an Mahai Nazionala epaitu zuteneko ekintzak eta oraingoan ezberdinak direla esan du. HB ETAk kontrolatzen zuela frogatzeko, besteak bete, presoen eskubideen aldeko mozioak jarri dituzte argudiotzat. Sumarioen luzamenduaren errua auzipetuei egotzi die, legez kanporatzearen ondoren "jarduera politikoarekin jarraitu nahi izateagatik". DyJk '18/98 auzian' oinarritu ditu akusazioak, eta "dena da ETA" tesiari eutsi nahi izan dio.
Iñigo Iruin defentsako abokatuak hartu du hitza horien ostean, eta lehenengo, nor epaitzen ari diren galdetu du: "Subjektuak norbanakoak dira, ez alderdiak. Ezin dira penalki epaitu HB, EH eta Batasuna". Gainera, "zigorrak justifikatzeko arrazoi hori erabili arren", akusazioek ez zutela HB, EH eta Batasuna 'terrorista' izendatzeko eskatu, eta beraz, epaimahaiak ezin dituela alderdi horiek 'terrorista' izendatu gogoratu du Iruinek.
Kontraesan bat agerian utzi du abokatuak: "2003an legez kanporatu eta desegin zuten Batasuna: beraz, administratiboki existitzen ez bada, penalki ere ezin da existitu". Orduz geroztikako akusatuen jardun politikoa justifikatu du: "Pertsonek askatasuna dute politikan aritzeko, nahiz alderdi bat legez kanporatu". Ildo horretan, azken urteetan hartutako hainbat erabakiren bidez parte hartze politikorako eskubideak "erabat deuseztatu" direla salatu du Iruinek. Gainera, 35/02 sumarioaren garapenean hartu diren badaezpadako neurri asko "zuzenbidearen aurkakoak" direla. Sumarioa 1997ko epai batean oinarritzen dela defendatu du, eta "integrazio delitua egotzi eta kausa orokortzea" baztertu zutela orduan.
Gainera, fiskalaren kontraesanak agerian utzi ditu abokatuak: "Lehen HBn ETAren ordezkari zirela zioen; orain, etakideak direla HBn egoteagatik soilik". Fiskalaren argudioak "nahasgarriak" direla salatu du Iruinek, eta horren adibide jarri du auzipetu batek esandakoa: "12 urteren, leporatzen diotena zer den orain ohartu da". 2003an sumarioa abiatu zenetik ETAk Batasuna kontrolatzeko duen tresna zein den "aipatu ere ez" dela egin salatu du Iruinek: "Inertzia hutsagatik, emantzat jo da".
Pertsona bat erakunde terroristako kide izateko erakunde terrorista bat egon behar dela esan du Iruinek, hori dela "oinarrizko elementua", eta gogoratu du HB ez zela terrorista izendatua izan. Eta, gainera, auzipetuak halako baten kide direla frogatu egin behar dela: "Ez da nahikoa babes politikoa; helburuak ez, medioak epaitu dira". Iruinek azaldu duenez, akusazioen argudioak "legez kanporatze prozesu baterako egokiak" dira, "baina ez pertsonak zigortzeko". Auzipetuen aurka "duela 21 urteko ustezko txostenak" dira froga abokatuaren arabera, '18/98 auzian' ere erabili zituztela: "Han ez zen epaitu auzipetuetako inor. Ez dago ekintza zehatzik". Akusazioen argudioak armagabetzeko horiek "egitate frogatu gisa" aurkeztu dituzten karguak akusazioen perituek beraiek ezeztatu dituztela gogoratu du Iruinek.
Auzipetuak banaka defendatzeari ekin dio gero Iruinek. Mikel Arregiren kasuan, haren aurka "kontrol batean geratzea" da aurkeztutako froga bakarra, HASI desegiteko kongresuan. Aurreko auzi batzuetan epaitutakoa egotzi diote, Iruinen arabera, eta bere aurkako karguak baztertu egin zituztela gogoratu du. Juanpe Plaza, Adolfo Araiz eta Floren Aoizen kasuan, zera esan du, ez dela "militantzia bikoitzik" frogatu, eta Plaza eta Araizen kasuetan, HASIkoak zirela ere ez. Santi Kirogari, berriz, Jarraiko kide ohia izatea egozten zaio, KASekoa eta Iruinek dio akusazio txostenean ez dela ekintza "bakar bat ere" aipatzen. Rufi Etxeberriaren kasuan, KASekoa izatea egozten diote, txosten bakarrean oinarrituta, eta perituei ez diete horren inguruko galderarik egin. Joseba Permachen kasuan, Ekinekoa zela diote, bilera batean egoteagatik, eta Iruinek azaldu duenez, ez dago bilera horren frogarik, eta perituek ere ukatu egin dute. Goizeko saioa Joseba Alvarezen kasua aipatuz amaitu du Iruinek: "Epaiketan inork ez du berari buruzko ezer esan".
Proiektu politiko guztiak, "errespetatuak eta gauzagarriak"
Jone Goirizelaiak arratsaldean eman ditu bere auzipetuen absoluzioa eskatzeko argudioak. Goirizelaiak defendatu duenez, legea ezin da atzera eraginkortasunez ezarri, eta gogoratu du "kasu askotan" 2001 arteko jarduna epaitzen ari direla; eta alderdi legezkoak ziren ordura arte. "Nork pentsa dezake legez kanpoko jarduera bat egiten ari dela alderdia legala bada?". Gordejuela, Morcillo, Rodriguez, Manterola eta Lopez de Aberasturi auzipetuen defentsarako, abokatuak gogoratu du haien aurkako froga bakarra euren deklarazioa dela. "Europako legebiltzarkide izatea da Landa jaunak egin duen delitua", gaineratu du Karmelo Landaren kasuari erreferentzia eginez. "Teoria polizial batetik abiatzen da, gero teoria politiko bihurtzeko, eta orain teoria judizial bihurtzeko eskatu dute", salatu du abokatuak. Proiektu politiko guztiak "errespetatuak eta gauzagarriak" izango diren esparrua eskatuz bukatu du gaurko saioa Goirizelaiak; bihar jarraituko dute epaiketarekin. Kepa Landa abokatuak azalduko ditu 'herriko tabernei' dagokien zatiko argudioak.