Kexuei eutsiz, kalera irtengo dira Nafarroako irakasleak

Gobernuan aldaketa igarri duten arren, elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralero, eta bi manifestazio handi

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Protestan jarraituko dute Nafarroako Gobernua hezkuntza publikoan egiten ari den murrizketak direla-eta, gutxienez azaroan eta abenduan, aurrekontuetan aldaketa sendorik egon ezean. LAB, ELA, EILAS, CCOO eta CSIF sindikatuek beste mobilizazio egutegi bat adostu zuten atzo: ostiralero ikastetxeetan egiten dituzten elkarretaratzeak egiteaz gain, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean beste bat egingo dute hilaren 23an, eta manifestaziora deitu dute azaroaren 26rako eta abenduaren 15erako, Iruñean.

Sindikatuak ikasturte hasieratik ari dira protestan, hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan gobernuak egindako murrizketengatik. Urriaren 27an greba egin zuten, eta horren aurretik ere bi lanuzte egin zituzten. Mobilizazioen balorazio positiboa egin du Expe Iriarte LABeko ordezkariak, «eraginkorrak» izan direlako: «Hezkuntza Departamentua postura lasaitzen hasi da». Jarrera aldaketa horrek emaitzak izan ditzan jarraituko dute protestekin.

Oraingoz, «negoziazio proposamena» daukate sindikatuek mahai gainean. Zehazki, orain hilabete «negoziaezina» zen esparruan irizpide aldaketa izan du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak: ordezkapenetarako 2011ko aurrekontuetan baino 5 milioi euro gehiago emango dira.

Hala ere, sindikatuentzat hori ez da nahikoa, 2012ko aurrekontuei begira konpromiso zabalagoa eskatzen ari direlako. «Ordezkapenetarako taldea handituko da, baina ez dugu ezer egingo datorren urtean plantila gutxitzen badute. Eta ez digute bermatu 2012an murrizketa gehiago egongo ez denik», azaldu du Expe Iriartek.

Horrez gain, irakasleek gogora ekarri dute hezkuntza ez dela murrizketek kaltetutako alor bakarra. Hala, Osasunbideko langileek larunbaterako deitu duten manifestazioari atxikimendua adierazi diote sindikatuek, eta beraz, martxan parte hartzeko eskatu diete irakasleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.