«Kide denek» ezker abertzalea NaBain sartzea ontzat jotzen dutela dio EAk

Urizarren ustez, 95.000 boto lor daitezke eta aukera hori Nafarroan aldaketa eraginkor bat lortzeko «giltza» da

joxerra senar
Iruñea
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ezker abertzalea Nafarroa Bai barruan sartuko balitz duela lau urteko 80.000 botoak datorren urtean 90.000 eta 95.000 boto artean izan litezkeela uste du Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak. «Uste dugu hori dela Nafarroako instituzioetan aldaketa eraginkor bat lortzeko giltza». Haren ustez, Nafarroa Baiko «kide denek» dute borondatea «NaBairen inguruko egitura guztia zabaltzearen alde lan egiteko».

Dena den, Urizarrek zehaztu du itun hori gauzatzeko aurretik gutxieneko demokratiko batzuk lortu behar direla. «ETAk 'amaitu da' esan behar du; baina, era berean, zalantzarik gabe, boto-emaile guztiek aukera izan behar dute nahi duten proiektuaren alde botoa emateko». Urizarrek iritzi dio igandeko eskaintza hurrengo hauteskundeetatik harago doala eta «askoz ere ibilbide luzeagoa» adierazten duela.

Europako Aliantza Libreak (ALE) Bruselan egindako hitzaldian parte hartu zuen Urizarrek, eta aliantza osatzen duten beste alderdiei azaldu zien datozen asteetan urrats gehiago etorriko direla: «Ni ez naiz datak jartzera ausartzen; gainera, ez da ona datak jartzea. Baina etorriko dira, eta laster», azaldu du. Urizarrek zehaztu du ezker abertzalearen pausoen fidagarritasunaz zalantza egin balute ez zutela akordio estrategikorik sinatuko; baina, haren iritziz, ezker abertzaleak jada erabakia hartuta dauka: «Laster, argi eta garbi geratuko da zein den ezker abertzalearen etorkizuneko apustua, eta urratsok errealitate egiteak ekarriko du ETAk ziklo politiko baten amaiera iragartzea, ezinbestean».

Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril ere izan zen ALEren bileran, eta abertzaleak batzearen alde hitz egin zuen: «Independentzia erdiesteko, erabakitzeko eskubidearen inguruan gehiengoak batzetik hasi behar dugu. Herritarren borondateak biltzetik hasi behar da, eta, horretarako, ezinbestean bildu behar dugu abertzale guztiok eta abertzale ez izanda ere subiranistak direnak».

Nafarroako ezker abertzaleak, berriz, igandean egindako eskaitzaren inguruko erreakzioak izan ditu hizpide prentsa oharrean. Ezker abertzalearen arabera, UPN, PP eta PSNren ohartarazpenek agerian uzten dute «kezka sakona» dutela. Ezker abertzalearen ustez, kezka hori ez datza bozetarako eskaintza bateratu bat egotean. «Hori berdin zaie, NaBai deitu edo beste modu batean deitu. Tamaina honetako presioak esparru ezkertiar eta abertzale oro elkarren ondoan lan egiten jarraituko luketen oinarri politikoak ditu jomugan». Proposatutako aliantzaren eskemaren potentzialitateak urduritu dituela uste du.

Ezker abertzaleak berretsi du bere proposamenean ez dagoela «ez betorik ez baldintzarik». Haren ustez, balizko betoak azpimarratzea da «eremu zehatzek erabiltzen duten argudioa sakoneko eztabaida ekiditeko». Era berean, ukatu egin du Nafarroa Bai hautsi nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.