Kilometroak, Andoaingo ikastolak hirugarren lerroari eusteko laguntza eta berme

Urriaren 7an egingo da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia; bost gune dituen 6,3 kilometroko ibilbide bat prestatu dute

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolak dena prest du urriaren 7ko Kilometroak jairako. Ikastolak dituen bi eraikinetako bat, Txistokikoa, txiki geratu zaie. Hori dela eta, zortzi ikasgelako beste eraikin bat behar dute. «Hirugarren lerroari eusteko gela berriak eraiki behar ditugu Lehen Hezkuntzako hirugarren maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila arteko ikasleentzat», azaldu du Arantxa Irigorasek, Aita Larramendi ikastolako lehendakariak. Eskualdean ikastolen mugimenduaren erreferentzia indartzea ere nahi dute. «Festa bere sentitzea nahi dugu», esan du Irigorasek.

Ia sei kilometro eta erdiko zirkuitu bat prestatu dute. «Andoaingo landagunetik igaroko da, baina baita hirigunetik ere. Ibilbide guztia asfaltutik doa», azaldu du Kilometroen koordinatzaile Igor Elortzak. Ibilbidea bost gunetan banatu dute: Ikastolaren Txistokiko eraikina, Sorabilla, Etxeberrieta, Goikoplaza eta Martin Ugalde kultur parkea.

Egitarau betea prestatu dute urriaren 7rako. «Betiko hainbat elementuri eutsi diegu, baina berrikuntzak sartuta», nabarmendu du Arkaitz Lasak. Ikastolako irakasle da Lasa, eta urte osoanjaia prestatzeko lanetan aritu da, Elortzarekin batera. Hasiera ekitaldia, ohi bezala, 09:30ean izango da, ikastolan. Bi ikaslek moztuko dute zinta. Ekitaldi horretan, Martin Ugalde kultur parkea omenduko dute, euskararen eta euskal kulturaren alde egiten ari den lana eskertzeko. Eguerdian, ikastolako guraso eta langileak omenduko dituzte.

Egitarauari dagokionez, denetik izango da: haurrentzako ikuskizunak, jolasak eta tailerrak;kontzertuak; dantza emanaldiak; herri kirolak; kirol egokituen jolasak; kantu kalejira...

Urtero moduan, izango da zer jan eta edan Andoainera biltzen direnentzat. Txosnetan 30.000 ogitarteko jarriko dituzte salgai. Gainera, hiru jantoki atonduko dituzte. Lehenengoa ikastolako frontoian jarriko dute. 23 euroren truke, sagardotegi menua dastatu ahal izango dute hara joaten direnek. Kiroldegian, Kilometroak menua eskainiko dute: arroza oilaskoarekin, azkenburukoa, edatekoa eta kafea. Menuaren prezioa hamabi euro izango da. Martin Ugalde kultur parkeko gunean jarriko dute hirugarren jantokia. Hamasei euroren truk ondorengo menua emango dute: errusiar entsalada, oilaskoa piperrekin, izozkia, edatekoa eta kafea. Txartelak egun horretan eskuratu ahal izango dira; aurretik, kilometroak.net webgunean.

Berritasunak eta garraioa

Aurtengo jaiak dituen berritasunen artean, hiru dira aipagarrienak. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortutako hitzarmenaren arabera, zero zabor filosofia sustatuko dute. Beraz, jantokietan eta txosnetan tresna berrerabilgarriak erabiliko dituzte. Gainera, sortzen den zabor organikoa gaika bilduko dute. Bestetik, lehen aldiz, fruta postu bat jarriko dute. Hirugarrenik, egun horretan Guifi.net proiektuarekin bat egingo du Kilometroak jaiak. Horri esker, wifi konexioa jarriko dute zirkuituko hainbat zatitan. Hala, Kilometroetara joaten direnek sare sozial eta sakelakoen bidez mezuak, argazkiak nahiz bidekoak bidaltzeko aukera izango dute. Gero, Euskaltelek ibilbidean jarriko duen pantaila handian ikusi ahal izango dira, baita Kilometroak.net eta Berria.info atarietan ere.

Ohi bezala, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Renfek ia hamabost minutuan behin eskainiko ditu trenak Irun-Brinkola eta Brinkola-Irun noranzkoetan. Trenak Kaletxikiko geltokian geratuko dira. Garaiar konpainiako eta TSST konpainiako autobusek ere zerbitzuak eskainiko dituzte. Gainera, garraio publikoz joan ezin direnentzat bost aparkaleku jarriko dituzte, autoentzat eta autobusentzat.

Informazio gehiago ikusi, eta egitarau osoa kontsultatzeko:

www.kilometroak.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.