Iritsi da eguna, urriaren 7a. Andoainen (Gipuzkoa), Kilometroak jaia dute gaur egun osoan, herriko Aita Larramendi ikastolari baliabideak bermatzeko. Hirugarren lerroa zabalduta, egungo bi eraikinetan kabitu ezinik daude ikasleak, eta beste bat sortzea nahitaezko dute. Horretarako dirua batu nahi dute gaur. Eguraldi ona lagun, jendetza handia espero dute, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute.
Sei kilometro pasatxoko zirkuitua prestatu dute gaurko. Andoaingo herrigunea ez ezik, inguruko leku batzuk ere hartu dituzte ibilbidean. Bost gune izango dira: Ikastolaren Txistokiko eraikina, Sorabilla, Etxeberrieta, Goikoplaza eta Martin Ugalde kultur parkea. Egitarau betea izango da guztietan ere, goizetik arratsera.
Kilometroen hasierako ekitaldia 09:30ean egingo dute, ikastolan bertan; omen egingo diote Martin Ugalde kultur parkeari, euskararen eta euskal kulturaren alde egiten ari den lana eskertzeko. Agintariak eta kanpainan ari diren alderdietako ordezkariak izango dira ekitaldian. Ordu horretatik aurrera, zabalik egongo da zirkuitua, iluntzera arte. Eguerdi partean izango da beste omenaldi bat: Aita Larramendi ikastolako bertako langileei eta gurasoei egingo diete gorazarre.
Garraio publikoan joatera dei egin dute antolatzaileek. Renfek tren bereziak jarri ditu, eta ordu laurdenero izango da zerbitzua Irun aldetik eta Brinkola aldetik. Kaletxikiko geltokian soilik geratuko dira, ez herrigunekoan. Autobusak ere jarri dituzte. Gainera, bost aparkaleku atondu dituzte autoentzat eta autobusentzat.
Kilometroei buruzko zuzeneko berriak, argazkiak eta bideoak, webgune honetan:
www.berria.info
Kilometroak dira gaur Andoainen, ikastola handitzeko dirua batzeko
Egungo eraikinetan ezin dituzte Aita Larramendi ikastolako estudiante guztiak sartu, eta beste egoitza bat behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu