Kirola egitera eta paseatzera atera direnek kale, bide eta hondartzak hartu dituzte

Goizean goizetik nabari da Hegoaldeko kaleetan konfinamendua arintzeko neurriak. Bilbon eta Iruñean, hurrenez hurren, Ibaizabalen eta Argaren ibaiertzeak aukeratu dituzte askok. Hondartzak ere ireki dituzte, eta surflariak itsasora bueltatu dira ia zazpi aste geroago. Mendi bueltak kirol jarduera gisara hartuko ditu Ertzaintzak.

Jendea, Zarauzko hondartzan paseatzen. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 2a
10:58
Entzun

Hala Bilbon, nola Iruñean eta Donostian. Bihar 50 egun beteko dira Hego Euskal Herrian konfinamendu agindua indarrean jarri zenetik, eta gaur milaka herritar atera dira kalean ia zazpi asteren ondoren kirola egitera eta paseatzera. Goiztiarrenak korrikalariak izan dira. Espainiako Gobernuak atera duen dekretuak 14 eta 70 urte bitarteko herritarrei 06:00etatik 10:00etara ematen die kirola egiteko edo paseatzeko aukera, eta goizeko 06:00ak pasata ikus zitezkeen kalean lehen korrikalariak.

Irakurri gehiago: gaur kalera ateratzeko jakin beharrekoak

Bilbon Ibaizabalen bi aldeetan kontzentratu da jende gehien. Eguraldiak lagundu egin du gaur, gainera, eta 20 gradu inguru ziren lehen orduetan. Batzuk korrika, beste batzuk paseatzen, Guggenheim Museoaren inguruak eta Campo Volantin pasealekua aukeratu dute askok zeregin etxealdiaren osteko aisialdirako lehen aukera baliatzeko. Txakurrarekin ere baziren paseoan batzuk, eta bizikletarekin kirola egiten beste batzuk. Une batzuetan ez da izan erraza segurtasuneko bi metroko distantzia gordetzea.

Iruñean ere erreka ingurua aukeratu du askok gaurko. Arrotxapean Arga inguruetan bildu da jendea, eta Alde Zaharrean ere ikusi ahal izan dira herritarrak paseoan eta kirola egiten. Azken asteetan kaleak hutsik ikustea ohikoa izan da, baina gaur nolabait berriro bizia hartu dutela esan liteke.

Donostian eta kostaldean dauden beste herrietan, berriz, hondartza aukeratu dute gehienek kalera ateratzeko. Jende asko ikusi ahal izan da Zarautzen ere. Surfalriek ere izan dute aukera itsasoan sartzeko eta horiek ere goizean goiz jaiki dira lehen olatuak harrapatu asmoz. Euskadi Irratian batek baino gehiagok adierazi duenez, ordea, jende asko eta aukera gutxi izan da horretarako.

14 eta 70 urte bitartekoen txandaren ostean, 70tik gorakoek hartu dute lekukoa 10:00etan. Eguerdira arte dute paseatzeko euren txanda. Mendekotasunen bat dutenek ohiko zaintzailearekin atera ahal izango dute, nahiz eta etxe berean ez bizi. 12:00etatik 19:00etara, berriz, haurrak eta 13 urte bitarteko gaztetxoak atera ahal izango dira kalera. Espainiako Gobernuak aurreko astean ezarri zituen horretarako baldintzak, baina orain etxe berean bizi diren helduekin atera ahal izango dute haurrek paseoan. 19:00etatik 20:00etara 70 urtetik gorakoen txanda izango da berriro, eta eguneko azken orduak, 23:00ak arte, 14 eta 70 urte bitartekoentzat izango dira.

Josu Bujanda ertzainburuak Euskadi Irratian gaur goizean adierazi du mendira joatea kirol jardueratzat hartuko dutela eta ez paseotzat. Ondorioz, etxetik kilometro bat baino gehiagora urrundu ahal izango dute mendizaleek. Izan ere, kirola egiteko muga herriarena izango da, baina paseatzeko etxetik kilometro bateko erradioa. Kirola, hori bai, paseatzea ez bezala, banaka egin behar da, Espainiako Gobernuak arautu duenez.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.