«Geldialdirik gabe euria jauts ahala, haize bortitzak, harria, ekaitzak jasan ditugu; zangoak uretan, hezurretaraino bustirik, zenbait aldiz hotz ikaretan ibilia gara. Baina bururaino segitu dugu, erronkak garrantzitsuegiak baitira amore emateko». Neke aurpegiarekin agertu da Elise Dilet Bizi mugimenduko kidea Baionako herriko etxe aitzinean. Gaur arratsaldean iritsi da astelehenean Mauletik abiatu zen klima eta ekologiaren aldeko martxa; 120 kilomtero, egunero topaketak eta eztabaidak antolatuz, martxoaren 15 eta 22ko herriko bozetan aurkezten diren hautagaiek Ipar Euskal Herriaren metamorfosia ekologikoaren aldeko ituna izenpe dezaten. Jadanik 75 zerrendak izenpetu dute, eta bihar gauerdi arte engaiamendu gehiago iritsiko direla espero dute.
2014ean gisa bereko ekimena egin zuten, eta balorazio gazi-gozoa aurkeztu zuten joan den abenduan: «Ororen buru, tresna kutxako ekintzen %10 inguru baizik ez dira gauzatuak izan azken sei urteetan. Zinez gutxiegi da», adierazi zuen Xabier Harluxet Bizi-ko kideak. Badakite hauteskunde kanpainak ele ederren momentuak izan ohi direla, eta horregatik, herritarrak hautetsiei bultzada ematera deitu zituzten.
Egoeraren larritasuna azpimarratu du Diletek: «Ez badugu oraindanik ekiten, gure berotegi efektuko gasen isurketen eta gure ingurumenarekiko inpaktuen masiboki murrizteko, datozen urteetan, belaunaldi gazteak biziko diren mundua kaos klimatikoaren, errepikatuko diren hondamendien, eskasien, migrazio masibo eta gerlen menpe izanen da».
350 pertsonak parte hartu dute Baionako karriketan barna egin duten manifestazioan, «alda sistema, ez klima» eta «klima baino beroago» oihuen artean. Bukaeran, Johan Rivierek hartu zuen hitza; azken hilabeteetan klimaren aldeko ikasle grebak antolatzen aritu da: «18 urte ditut eta aurten lehen aldiz bozkatuko dut. Behar ditugu hautetsi batzuk engaiamendu zehatzak hartuko dituztenak, eta hemen eta orain obratuko dituztenak». Parte hartzaileen artean afixak banatu dituzte: «bozkatu aitzin, so egiten dut ea izenpetu duten».