Kodeak ikasi, sormena landu

Programatzen ikasteko udako eskola berezi bat sortu dute Donostian: Kode Eskola. 6-18 urte arteko neska-mutilek gailuak hobeto ulertzeko aukera izango dute, kirola egitearekin batera.

Mutil bat, programazioa ikasten, ordenagailu baten aurrean. KODE ESKOLA.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gailu elektronikoak programatzen ikastean, arazoak konpontzeko, proiektuak diseinatzeko eta ideiak komunikatzeko estrategia garrantzitsuak ikasten dituzte pertsonek. Tesi hori ardatz hartuta, Kode Eskola sortu dute Donostian. Irudimena abiapuntu dela, neska-mutikoei programatzen irakatsiko diete, kodea idazten. Ikastaroak egingo dituzte, unibertsitate campusean, ekainaren 23tik uztailaren 30era. 6-18 urte arteko neska-mutilek dute izena emateko aukera.

Nerea Atxega da zuzendaria. Proiektuak sorreran EHUren babesa jaso duela azaldu du: «Eskolako liburugintzan izandako esperientzian oinarriturik, plataforma digitalak egiteari ekin genion, eta hor konturatu ginen gaztetxoek erabileran muga handiak dituztela, neska-mutikoek gailuak era pasiboan erabiltzen dituztela». Amerikako erreferentzia batzuk aztertuta, Atxega eta Piru Sedano koordinatzailea ohartu ziren programatzea oso tresna didaktiko interesgarria zela. «Alfabetatze baten beharra sumatu genuen. Gainera, erakunde publikoen aldetik oso egitasmo gutxi daude alor horretan», azaldu du Atxegak. «Badago defizit bat. Horregatik erabaki genuen eskolaz kanpoko eskaintzaren barnean garatzea Kode Eskolaren proiektua».

Proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, programatzen jakitea ez da azken helburua. «Baliabide bat da beste gaitasun batzuk lantzeko: digitalak, matematikoak...». Sedanok gogorarazi du PISA txostenaren arabera kultura zientifikoa «oso apala» dela. «Gainera, 20-30 urte barru eskainiko diren lanpostu askotan, programatzen jakitea eskatuko da».

Programazioa ikasgaia da hainbat hezkuntza sistematan: EB, Erresuma Batuan, Kanada, Norvegia, Finlandia... Sustatzaileen iritziz, kontua ez da ikasleak «ezinbestez» programatzaile izatea, baina bai oinarrizko arauen ikaskuntza iturritzat hartzea. «Irakurtzen ikastea bezala da. Irakurketaren onurak askotarikoak dira, baita programazioarenak ere. Onurak horizontalak dira, beste eskumen batzuk garatzeko baliagarriak», dio Sedanok.

Ikastaroak hiru adin tartetan banatuta daude: 6-8 urte, 9-14 eta 15-18. Txikienek programazioaren oinarriak ezagutuko dituzte, scratch programazio hizkuntzaren bitartez. Animazioak eta bideo jokoak egiten ikasiko dute, baita robotikaren oinarriak ere. 9-14 urterekin, bideo joko eta animazioen programazioan sakontzen jarraituko dute, eta robotika txapelketa bat izango dute. 15-18 urteko gazteek robotak egin eta programatzen ikasiko dute, Arduinoen bidez; hardware libreko plakak dira Arduinoak, merkeak.

Euskaraz eta ingelesez emango dituzte eskolak, eta egunero atsedenaldiak egingo dituzte. Kirola egiteko erabiliko dute tarte hori.

Zabaltzeko asmoarekin

Programatzen erakutsiko duen Euskal Herriko lehen proiektua da, aitzindaria. Honela dio Atxegak: «Tresna pedagogiko indartsu gisa ikusten dugu». Donostiako eskolak ondo funtzionatzen badu, proiektua Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetara eramango lukete, Atxegak iragarri duenez: «Hasiak gara eragile batzuekin hitz egiten. Asmoa da Donostian matrizea jartzea, eta gero zabalduz joatea».

Sedanok azaldu du ikastaroetarako izena ematen ari diren gurasoen artean bi motatakoak daudela: «Batetik, batzuk oso sentsibilizatuak daude, beren lanagatik edo prestakuntzagatik; programatzen dakiten gurasoak daude, eta haiek badakite programazioak zer onura dauzkan. Beste guraso batzuentzat, ordea, hau frikien kontua baino ez da. Guraso horiek konbentzitu behar ditugu. Hau lanabes bat da, gaitasun batzuk garatzeko». Koordinatzaileak gurasoei gomendatu die begiratzeko adibideei. Interneten milaka eta milaka animazio eta bideo joko daude scratch programazio hizkuntza horrekin eginak. «Gurasoak berehala konturatzen dira gero haurrak ez direla ariko logelan une oro programatzen».

Atxegak penaz esan du teknologia ikasketetan gero eta neska gutxiago daudela. Informatikako ikasketetan, esate baterako, askoz ere gutxiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino. «Nesken kopurua beherantz doa nabarmen ikasketa horietan. Aztertu behar dugu gaia nola ondo landu, baina nahiko genituzke neskak erakarri Kode Eskolaren proiektura». Teknologia eta programatzen ikastea sormenezko tresna da bai neskentzat, bai mutilentzat. «Azken finean, sormena lantzen da, eta horrek ez du generoarekin zerikusirik», dio Sedanok.

Ikasketa teknikoetan, oro har, gero eta ikasle gutxiago daude. Sedanoren iritziz, eragina du Lehen Hezkuntzan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleek informatikaren zientziarekin harreman ona ez izateak: atzera egiten dute ikasleek, eta ez dituzte ikasketa teknikoak hautatzen. «Etorkizunean programatzaileak beharko dira, eta horrekin kontraesanean ari da hezkuntza sistema».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.