Gero eta gehiago dira Donostiako Piratak, eta parte hartzea ere, gero eta handiagoa. Horregatik, lelo hau sortu dute aurten: Itsaso berean elkarrekin arraun. Bederatzi kofradiak parte hartuko dute Piraten Aste Nagusian: Aingura, Antiguako Kofradia, Eskifaia, Kalepoza, Pirata Bihurriak, Sardinerak, Traganarrua, Ubarroiak eta Xibaro.
Abuztuaren 9an emango diote hasiera Piraten Aste Nagusiari, Ezkila eta Mattiren etorrerarekin, kaian etxafuegoa botaz. Egitarau komunaren barnean, Argazki Rallya egingo dute igandean La Flamenka gunean, kaian. Abordatze Eguna astelehenean izango da, eta parte hartu nahi duenak abuztuaren 4a baino lehen eman beharko du izena www.izanpirata.info gunean. Asteartean, abuztuak 12, KaleFesta antolatuko dute: kofradia bakoitza elektrotxaranga batekin elkartu, eta, amaitzeko, kofradia guztiek bat egingo dute azken abestia jotzeko. Ostegunean, Abordatze Txikia egingo dute. Piraten Aste Nagusiari amaiera emateko, Irrikitaldia egingo dute igandean.
Kofradia guztiek elkarlanean hainbat jarduera prestatu badituzte ere, bakoitzak bere egitaraua izango du. Aingura kofradiak Bizifesta antolatuko du ostegunerako, eta eragile sozialen azoka larunbaterako. Eskifaiakoak EHZ eta 3indarrokekin elkartuko dira asteartean; asteazkenerako, jolasak antolatuko dituzte, eta ostirala izango da gazte kofradiaren egun handia, Kuadrillen Eguna. Pirata Bihurrien egun nagusia osteguna izango da: hainbat jolas eta jardueraz gain, abordatze txikia egingo dute. Sardinerek Sardinerria festa egingo dute asteazkenean Nautikoan; Ubarroiek bizikloteoa egingo dute, Aingurakoekin batera, eta Xibaroek larunbatean Xibaro Eguna ospatuko dute, La Flamenkan, goizetik gauera arteko egitarauarekin. Kofradia horiez gain, Antiguako Kofradia eta Traganarruak Aste Nagusia baino lehen aurkeztuko direnez, orduan emango dute beren egitarauaren berri.
Hiru gune nagusi egongo dira: La Flamenka gunea kaian, Nautikoko terraza eta Trinitate plaza. Plaza horretan, afariak emango dituzte gauero. Nautiko aldean, kontzertuak izango dira. La Flamenkan, besteak beste Berri Txarrak, Esne Beltza, Gatibu, Zea Mays, South Central, Glaukoma eta 3gabe2 taldeek joko dute. Azken egunean, ezusteko talde batek joko du; eguna hurbildu ahala jakinaraziko dute zein den talde hori Donostiako Piratek, sare sozialen bidez.