Azpeitiko (Gipuzkoa) Ibai-Eder urtegian herenegun hilik agertu zen emakumea bortizki hil zuten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Buruan eta aurpegian kolpe gogorrak zituen, eta, Ertzaintzaren arabera, ziurrenik horien eraginez zendu zen emakumea. Era berean, hasieran esandakoaren kontrara, gorpuak ez zuen ez tiro ez labankada zantzurik.
Azpeitiko Ibai-Eder urtegian, Nuarbe auzoan, agertutako gorpua Amaia Azkue izeneko39 urteko emakume batenadela baieztatu zuen atzo Ertzaintzak. Orion jaiotakoa zen emakumea; Meagan (Getaria) bizi zen, eta Zarautzen egiten zuen bizimodua. Ezkonduta zegoen,eta bi haurren ama zen. Hain zuzen ere, senarrak asteazkenean salatu zuen emakumea desagertu zela. Eguerdian ikusi zuen lagun batek azken aldiz Zarautzen, baina horren ondorenez zen alabak jasotzera joan eskolara, eta ezta bazkaltzera ere. Ordutik arratsaldean hilik aurkitu zuten unera bitartean zer gertatu zen aztertzen ari da Ertzaintza.
Urtegiko uretara jaisteko errepidean arropaz betetako zorro bat aurkitu zuten ertzainek, eta han inguruan balinezko arma bat ere bai. Ez zuten, ordea, eskopeta hori erabili emakumea hiltzeko.
Odolaren arrastoa
Gorpua herenegun arratsaldean, 17:15 aldera, aurkitu zuten urtegi inguruko bizilagun batzuek. Odol arrastoa ikusi zuten oinez zebiltzan bi herritarrek urtegia inguratzen duen bidetik uretara joateko dagoen aldapatxo batean, baina arrastoei ez jarraitzea erabaki zuten. Etxera joatean ikusitakoa kontatu, eta etxekoak joan ziren orduan urtegira; haiek topatu zuten hilotza, uretan, korrika ari zen suhiltzaile baten laguntzarekin. Ertzainei deitu, eta Azkoitiko polizia etxeko ertzainak joan ziren bertara, eta gorpua uretatik atera zuten.
Bidetik uretarako aldapatxo horren gainaldean plastikozko poltsa bat topatu zuten. Barruan beroki bat eta bestelako arroparen bat zegoen.
Inguruan, bestalde, balinezko arma bat aurkitu zuten ertzainek, eta aztertzeko jaso zuten. Auzitegiko medikuak bertaratu ziren gorpuaren lehen azterketa egiteko, eta hilotza Donostiako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman zuten gero. Atzo ziren autopsia egitekoak.
Bestalde, Ertzaintzako urpekariek urtegia arakatu zuten atzo, eta Polizia Zientifikoko agenteek ingurunean lan egin zuten gertaerak argitzeko arrasto bila.
Udalaren gaitzespena
Azkueren hilketak zirrara handia eragin du Urola Kosta eskualde osoan, eta Zarauzko Udalak, adibidez, hilketa gaitzetsi du ohar baten bidez: «Amaia Azkueren bortxazko heriotza salatu nahi dugu», dio oharrak. Gertaera «lazgarri eta deitoragarri» hori azkar argitzeko eskatu die dagokien arduradunei, eta bere eskura dauden «tresna guztiak» eskaini dizkie Azkueren familiari eta lagunei. Hildakoak «Zarautzekin lotura handia» zuela nabarmendu du, eta oharraren bitartez Azkueren senitartekoei eta lagunei «zarauztarren elkartasuna eta maitasuna» helarazi diete udaleko Bozeramaile Batzordeko kideek. Jon Urien Zarauzko alkateak gertatutakoa ahalik eta azkarren argitzea espero duela azaldu zuen.
Hilketa salatzeko, Urola Kostako Koordinadora Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu gaurko eskualdeko herrietan; Azpeitian, 19:30ean plazan egingo dute protesta, eta Zarautzen, 19:00etan bilduko dira udaletxe aurrean. Zumaian, berriz, Magnolio aurrean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan; eta Orion plazan elkartuko dira, 20:00etan. Getarian, berriz, 19:00etarako egin dute deialdia.
Bigarren hilketa astebetean
Bost egunean Gipuzkoan indarrez hildako bigarren pertsona da Azkue. Joan den larunbatean 46 urteko gizonezko bat agertu zen hilda, labankadekin, Bergaran, Deba ibaian. Ustez bere bizilagunak hil zuen, eta asteartean atxilotu zuten Irunen. Hain zuzen ere, ustezko hiltzaileak atzo deklaratu zuen epailearen aurrean.
Kolpeen ondorioz hil zen Azpeitian agertutako emakumea
Zarauzko Udalak hilketa salatu du, eta gaurko elkarretaratzeak antolatu dituzte Urola Kostan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu