Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Konferentzia txalotu, eta aukera baliatzera deitu du Friendshipek

Konferentzia mugarri dela eta «guztiek» egoki erantzuteko eskatu du; EBri irtenbidea sustatzeko eskatu dio

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hainbat europarlamentarik Euskal Herrirako bake prozesu bat sustatzeko asmoz Europako Parlamentuan 2006an sortutako Friendship taldeak berebiziko garrantzia eman dio Aieteko nazioarteko konferentziari. Konferentzia bera eta biltzarrak plazaratutako agiria konponbiderako prozesurako «mugarri garrantzitsua» dela uste du, «urgentziazko» irakurketa batean plazaratu duenez.

Nazioartean «maila handikoak» diren pertsonak Euskal Herrirako konponbidearen alde inplikatu izana kontutan hartu beharrekoa dela ohartarazi du Europako taldeak. Konferentzian egindako gomendioak ezin direla alboratu, eta, areago, horiei, «erantzun egokia» eman behar liekeela «alde guztiek».

Espainiako eta Frantziako estatuetako «alderdi guztiek, PPk salbu» biltzar berean parte hartu izana nabarmendu du prozesuan laguntzeko sortutako Europako taldeak. «Oso positiboa» dela dio. Hortaz, alderdi guztiak «zoriondu» ditu, PP barne, etorkizunean halako ekimenetara hurbilduko dela espero baitu.

Kofi Annanek Aieten bertan esandako hitz batzuk bere egin ditu Friendship-ek: «Bakea egiteak ez-ohiko konpromiso eta balorea eskatzen die alde guztiei, indarkeria egonkorki amaituko dela ziurtatzeko». Horiek horrela, gatazka konpondu eta «bake justu eta iraunkorra eskuratzeko aukera historiko hau» inork ezin duela galtzen utzi ohartarazi du.

Aieteko deklarazioari erabateko babesa adierazi, eta, nazioarteko ordezkariek jarraipenerako batzordea eratzeko egindako eskaintzari «balio handia» eman dio. «Prozesuaren garapenerako laguntza handia izan daiteke».

Friendship taldeak ere konponbidea sustatzeko konpromisoa berretsi, eta, bide horretan, konferentziako ondorioak Europako Parlamentuan ezagutaraziko dituela hitz eman du.

Eragile gehiagori ere eskatu die laguntza. Europako Batasunari eta «bere instituzio guztiei» luzatu die «Europako azken gatazka armatuaren amaiera babesteko» deia.

Espainia, jarrera onartezinean

Friendship-ak adostutako agiria plazaratu ondoren, bertako kide batzuek adierazpenak plazaratu dituzte. Flandriako N-VA alderdiko Frieda Brepoels izan da zorrotzena. Gogor salatu du Espainiako Gobernuaren jarrera. Konferentzia babestu ez izana «ulergaitza eta onartezina» dela adierazi du, «bake prozesu guztiek erakusten dutelako beharrezkoa dela alde guztiak esertzea mahai beraren inguruan».

«Madrildik emandako aitzakiek ez dute inolako oinarririk», esan du. Areago, Espainiak «bakearen mugarriari» beldur dion sentipena plazaratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.