Konponbide integrala lortzeko mugimendu zibila ehuntzen ari da

Konponketaren aldeko «presio sozial zabal baten» bidez, Frantzia bake prozesuan sarrarazi nahi du mugimenduakElkarrizketak abiarazteko eskatu diote Hollanderi 15 bat eragilek, gutun bidez

Konponbide integralaren aldeko mugimendua sortzen ari diren ordezkariak, atzo egindako agerraldian. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gatazkaren konponbide integralaren alde ariko den mugimendu zibila sortzera doa Ipar Euskal Herrian. Aldarrikapena sektore guztietara helarazteaz gain, gizarte osoa mobilizatzea da haren xedea. Atzo eman zuten horren berri, Baionan egin prentsaurreko batean, eta, zehaztu zutenez, «aski laster» gauzatuko da. «Mugimendu horrek Frantziako Estatuak prozesu demokratikoan parte hartuko duela segurtatuko du, presio sozial zabal bat eraginez eta prozesu demokratikoaren gakoak publiko eginez», Cimade elkarteko Laurence Hardouinek azaldu zuenez. Gako horiek hauek izango dira: preso eta iheslari politikoen eskubideen errespetua, errepresioaren bukaera, normalizazio politikoa eta biktima guztien ezagutza.

Prentsaurrekoan islatu zen gisara, mugimendu zabala eta aniztuna izanen da. Han izan ziren osasun eta sozial arloko CFDT, Solidaires, LAB, NPA, Batasuna, AB, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Komitea, Anai Artea, Baionako Giza Eskubideen Liga, Cimade, Herrira eta Etxerat egituretako ordezkariak. Hautetsi eta herritar batzuk ere izan ziren. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu indarrak biltzea eta, batez ere, jendarte zibil osoak parte hartzea [...], ezin baitugu bake justu eta iraunkor bat lortu ez badugu denek parte hartzen», azaldu zuen Hardouinek.

Aieteko Adierazpenaren inguruan gizarte osoak gogoeta dezan dute xede. Mugimenduaren hausnarketa eragile eta biztanleei esplikatzeko eta haiekin gogoetak trukatzeko asmoz, foroak antolatuko dituzte. Abenduan izango dute lehen foroa. Eta argi utzi zuten badakitela zailtasun anitz kausituko dituztela gatazka konpontzeko bidean. Parean Frantziako Gobernuaren jarrera «hetsia eta errepresiboa» izanen dutela «ohartzen» dira. Hori dela eta, gutuna bidali diote François Hollande Frantziako lehendakari berriari, elkarrizketari lotzeko eskatzeko.

Hollanderi gutuna igorririk

Aieteko Adierazpenaz geroz egindako urratsen berri emateaz gain, Frantziako Gobernuaren joera errepresiboa gogor salatzen dute gutunean: «Euskal Herriko egoera aldatu da. Elkarrizketaren tenorea da, baina Frantziako Estatuak errefusatzen du. Gatazkan duen ardura bere gain hartu eta bakearen alde urratsak egin ordez, errepresioaren bidetik segitzen du». 2011ko urriaren 17ko Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroz Frantziako Gobernuak bederatzi euroagindu gauzatu ditu, hamabost lagun atxilotu ditu, bat estraditatu, Jon Kepa Paroten baldintzapeko askatasuna errefusatu du eta Jon Anzari gertatutakoa argiturik gabe gelditu da.

2010ean abiaturiko lana

Hastapen batean, Aurore Martin Batasuneko militantearen aurkako euroagindua oztopatzeko hasi zen elkarlana, baina poliki-poliki helburua berrikusi eta arreta gatazkaren konponketa integralean ezartzea erabaki zuten. Hain zuzen, 2011ko ekainaren 18an Miarritzen Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen errespetua lelopean egin ekimenaren biharamunean trukaketa eta gogoeta «sakonagoetan» murgildu ziren. Bi urtez ekimena zabalduz eta aniztuz joan zen. Iazko abenduaren 10ean gatazkaren konponketaren alde Baionan egin manifestazioa izan zen aniztasun horren isla. 30 bat eragilek deitu manifestaziora bildu ziren 4.000 herritar. Egunez egun zabalduz joan den elkarlan hori oraindik aniztunagoa izatea lortu nahi dute konponketa integralaren aldeko mugimendua sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.