Konponbide prozesuak gaina hartu dio Lopezi, ezker abertzalearen ustez

Su-etena egiaztatzeko batzordea sortu izana eta EPPKren erabakia «urrats sendoak» direla adierazi du

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen arabera, azken asteotako berri eta gertakariek «argi adierazten dute» euskal gatazka konpontzeko prozesua «martxan» dagoela. Donostian eginiko agerraldi batean Miren Legorburuk eta Txelui Morenok, ezker abertzalearen izenean, adierazpen bat irakurri dute gertakari horien inguruko balorazioa egiteko. Baikor azaldu dira ezker abertzaleko eledunak, nahiz eta ohartarazi oraindik badirela «blokeo eta immobilismoaren lubakian jarraitzen duten indarrak».

Jarrera horrek, baina, ezin duela luze iraun nabarmendu du ezker abertzaleak. Hori hala, PSOE eta PPri «blokeo jarrera» alboratu eta jarrera «proaktibo eta eraikitzailea» hartzeko eskatu die, «bake eta behin betiko aterabide demokratikoen egoera baten eraikuntzan aurrera egin ahal izateko». «Jokaleku horretan, guzti-guztiak ateratzen gara garaile», gaineratu du ezker abertzaleak.

Testuinguru horretan kokatu du, halaber, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak espetxe politika aldatzearen alde egin duen proposamena. «Pentsatzen dugu Lopezek adierazirikoa ez dela nahikoa, baina norabide egokian egindako urrats bat dela deritzogu».

Urte politikoaren lehen osoko bilkuran euskal presoak hurbiltzea proposatu zuen Lopezek, haren iritzian neurri horrek «indarkeriaren zikloaren amaiera erraztuko duelako». Ezker abertzalearen arabera, Lopezen proposamenak agerian utzi du «euskal gizarteak eta nazioarteko komunitateak» abiatutako prozesuak gaina hartu diela «blokeo jarrerei». «Ordezkatu beharko lukeen jendartearen iritzi nagusiari bizkarra eman dion Eusko Jaurlaritza honi ezinezkoa zaio jada blokeo jarreretan segitzea».

Aurpegia eta ifrentzua

Prozesua «sendotu» duten azken gertakarien artean bi nabarmendu ditu ezker abertzaleak: EPPK Euskal Preso Politikon Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana eta ETAren su-etena egiaztatzeko Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrera.

EPPKren erabakiari dagokionez, ezker abertzaleak nabarmendu du presoen kolektiboaren jarrerak «adierazpen olatu izugarria» sortu duela. Gogora ekarri du, besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Francisco Javier Velazquez Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendariak txalotu egin dutela EPPKren erabakia; lehenengoarentzat, «urratsa garrantzitsua» izan da, eta bigarrenarentzat, «aurrerapauso baikor bat bake bidean». «Oso eragile gutxi izan dira gaiari balioa kendu edo hura gutxietsi dutenak, eta horrela egin dutenak edota agerian geratu dira edota aurrez egindako adierazpenak zuzendu behar izan dituzte», nabarmendu du ezker abertzaleak.

ETAren su-etena egiaztatzeko beren burua eskaini duen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari dagokionez, ezker abertzaleak uste du «urrats sendo eta esanguratsua» dela, eta su-etena egiaztatzearekin batera «egoera egonkortzen» lagunduko duela. «Horrela, konponbide partekatuak eraikitzeko orubea finkatu da, prozesua bultzatzen ari diren eragileen borondate irmoa frogatzearekin batera».

Hala ere, gertakari guztiak ez dira horren baikorrak, ezker abertzalearen irudiko. Txanponaren beste aldean ipini ditu Bateragune auziko zigor epai «eskandalagarriak eta mendekuzkoak» eta Sorturen legeztatzearen aurka Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak joan den astean Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegiteak. «Madrilek bide antzu horren aldeko hautua egin arren, abian den prozesua bidetik ateratzeko saioek frustrazioa eragitetik urruti, ezker abertzalearen apustu estrategikoa ari da indartzen, arlo politiko zein sozialean», adierazi du ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.