Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Konponbidean parte hartzeko deia egin dio ezker abertzaleak Raxoiri

Gatazka armatua konpontzeko euskal presoen egoeraz, desmilitarizazioaz eta desarmeaz hitz egin behar dela uste duteAmaiurren lehentasun nagusitzat jo dute konponketa demokratikoari heltzea

Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak, Donostian egindako prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Konponbide demokratikoa lortzeko prozesuan parte hartzeko eskatu die ezker abertzaleak Mariano Raxoiri eta haren alderdi PPri. Egoera politikoak eskatzen duen «ardurarekin» jokatzeko eskatu diote Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak. Espainian gehiengo osoa lortu arren «arazoa» Euskal Herrian daukala adierazi diote.

Euskal gizartearen gehiengoak etorkizuna «libre eta demokratikoki» eraikitzea erabaki duela gogoratu diote, eta «gatazkaren muinari» erantzun behar diola: «Euskal Herria nazio bat da, eta erabakitzeko eskubidea du». Horri erantzuteko gai bada ezker abertzalearen eskuak luzatuak izango dituela adierazi diote bi ordezkariek.

Espainiako Gobernuak «ezetzean eta blokeo politikoan» oinarritua dagoen agenda politikoa ezarri nahiko duela ohartarazi dute, dena den, ezker abertzaleko kideek. Baina aldaketaren prozesuaren garapenean jar ditzaketen oztopoei aurre egiteko Amaiur «oso tresna indartsua» dela uste dute Ugarteburuk eta Barrenak. Izan ere, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak osatzen duten koalizioak inoiz ezkerreko subiranista eta independentistek izan duten emaitzarik onenak lortu ditu: 333.624 boto.

Ezker abertzaleko kideen iritziz, herritarrek «saritu» egin dute indar metaketa. Hala, adierazi dutenez, Espainian PPk gehiengo osoa lortu duen bitartean, Hego Euskal Herrian aldaketaren lidergoa ezkerreko subiranotasunaren baitan geratu da.

Boto-emaileek Amaiurri «konponbide demokratikoa» lortzeko zeregina eman diotela azaldu dute biek. Koalizioaren lehentasuna «konponbideari heltzea» eta «Euskal Herriaren eskubide politiko eta ekonomikoak eskuratzea» izango da, haien esanetan.

Koalizioak eman beharreko lehen pausoak zehaztu dituzte Ugarteburu eta Barrenak, halaber. Batetik, gatazka armatuak utzi dituen ondorioei heldu behar zaie. Horregatik, Espainiako eta Frantziako gobernuen eta ETAren artean elkarrizketak hastearen alde agertu dira. Euskal presoen egoera, desarmea eta desmilitarizazioa izan beharko lituzkete hizpide bi aldeek, haien irudiko.

Gatazka politikoak berean dirauela ohartarazi dute, bestetik; Espainiak eta Frantziak ukatu egiten dietela autodeterminazio eskubidea euskal herritarrei. Horrez gain, euskal presoen egoeran eragiteko harturiko erabakiak bertan behera uztea eta Sortu legeztatzea premiazkoak direla nabarmendu dute biek ala biek.

Parlamentuko taldea, kolokan

Amaiurrek, Espainiako Kongresuan zazpi ordezkari dituen arren, ez du ziurtatua parlamentuan talde propioa izatea. Areago, PPren esku dago erabakia. Hala, Antonio Basagoiti EAEko PPko burua koalizio abertzaleak parlamentuan talde propioa edukitzearen kontra azaldu da ETBn egindako elkarrizketa batean. Barrenak dio jarrera hori ez datorrela bat egoera politiko berriarekin eta hari «egokitzea» falta zaiola. Ezker abertzaleko ordezkariaren iritziz, batzuk «ez dira konturatu Amaiurri hitza ukatzea Hego Euskal Herriko ordezkari gehien duen indar politikoari hitza ukatzea dela». Haren aburuz, «elkarrizketa eta konponbideak bilatzeko iritzien erkatzea ukatzen duten» erabakiak dira.

Parlamentuan talde propioa edukita edo gabe Amaiurrek Kongresuan «lan berdina» egingo duela ziurtatu du Ugarteburuk. Haren ustez, koalizioari parlamentuan taldea izatea dagokio, eta hori gertatzea «espero» duela adierazi du. Dena den, haren aburuz, talde propioa ez edukitzeak ez lioke eragotziko Amaiurri bere lehentasunak markatzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.