Aterabide demokratikoaren aldeko manifestazioa

Konponbidearen alde urratsak egiteko eskatu diete estatuei

Lau mila lagun elkarretaratu dira Baionako karriketan, Euskal Herriko gatazkari konponbide politikoa emateko eskatzekoAurore Martinek eta Josu Esparzak alderdi politikoetako buruen babesa ukan dute

Lau mila lagun inguru elkartu ziren atzo Baionan, aterabide demokratikoaren alde. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Mundu askotarikoa eta koloretsua bildu zen atzo Baionan Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari konponbide politikoa emateko eskatzeko. Lau mila lagunekihardetsi zioten hainbat alderdi, sindikatu eta eragilek egindako deiari. Euskaldunen plazan txaloak nagusitu ziren arratsaldeko lauretan, Aurore Martin eta Josu Esparza agertu zirelarik, zeinak Espainiaratzeko euroaginduen jomugan dauden. Esparza biziki hunkiturik zegoen familiak eta lagunek adierazitako elkartasuna jasotzean.

Baionako karriketan atzo egin zen argazkiak balio garrantzitsua du. Martin eta Esparzaren ondoan egon baitziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo Espainiako Parlamentuko Amaiurreko diputatuak, Xabi Larralde Batasuneko kidea, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa, Alain Iriart kontseilari nagusia, Peio Etxeberri Aintzart ABko zuzendaritzako kidea, Christine Bessonart Hautetsien Biltzarreko presidentea, Jean Rene Etxegarai Modemeko kide eta Baionako hautetsia, Alice Leizeagezahar Berdeetako kontseilari nagusia,LAB, CFDT eta CGTko hainbat buruzagiren batera. Herrietako hautetsi ugarik hartu zuten parte manifestazioan. Kultur munduko eragileak ere ez ziren falta, eta bertan izan ziren, bertze anitzen artean, Daniel Landart idazlea eta Peio Ospital kantaria.

Atzokoan sozialistek ere beren presentzia nabarmendu nahi izan zuten, eta adierazgarria izan zen bidali zuten ordezkaritza. Bertzeak bertze presente egon ziren Frederique Espagnac Frantziako senataria, Frantxua Maitia Akitaniako kontseilaria, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Marie Christine Aragon kontseilari nagusia eta Pierre Cherret Pirinio Atlantikoetako PSko idazkari nagusia.

Sozialistek ikusgarritasuna nahi zuten, eta anekdota adierazgarri bat izan zen horren karietara. Espagnac Aurore Martinen ondora hurbildu zen, eta bere telefonoa eta helbidea eman zizkion «zerbait gertatuz gero» berarekin harremanetan sartzeko. Askatasunako kideek aukera baliatu zuten Esparzaren berri emateko PSko buruzagiei.

Paulmy etorbidean gora egin zuen manifestazioak abantzu iragarritako tenorean. Poliziak suprefeturara eta auzitegira ematen duten karrikak itxi zituen. Bertatik pasatzean «utzi bakean, alde hemendik!» oihukatu zuten manifestariek.

San Leon bidegurutzean itzulia hartu zuen manifestazioak eta Baionako herriko etxerantz abiatu. Bertan bertze anekdota bat izan zen, manifestazioari so zegoen jendearen artean baitzegoen Anne Kayanakis Baionako prokuradorea. Manifestazioak bidea segitu zuen eta Baiona Ttipiko Xaho kaian egin zuten ekitaldi politikoa.

Aro berria

CFDTko Erregina Dolosorrek eta Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidente Christophe Desprezek irakurri zuten agiria, euskaraz eta frantsesez. Euskal Herrian konponbide politikorako aroa hasi dela erran zuten, eta azpimarratu Aieteko Adierazpena eta ETAren agiria bide horretan emandako urrats sendoak direla. Alta, horren parean Espainiak eta Frantziak urrats horien araberako keinurik ez dutela egin erran zuten. Bi Estatuen jarrera salatu zuten. «Aitzinamenduak denen parte hartze zuzen eta baikorrarekin lordaitezke soilik!».

Gatazkaren konponbide politiko, demokratikoa eta baketsua eskatu zuten. Bizi politikoaren normalkuntza bidean, eskubide demokratiko, zibil eta politikoak errespetatuak izatea eskatu zuten.

Euskal Herriak bake iraunkor eta justua behar duela azaldu zuten. «Hain da garrantzitsua bake hori, ezin dugula besteen esku utzi hori martxan ezartzeko ardura». Oztopo guztien gainetik, euskal herritarrek prozesu hori bultzatu behar dutela erran zuten, bide horretan parte hartze zuzen eta aktiboa izanez. Hiritar guztien eskubideak eta erabakitze eskubideak errespetatu behar direla azpimarratu zuten.

Arduraren garaia

Prozesu demokratiko bat hasteko aukera dagoela erranez, eragile guztien ardurari dei egin zioten, eta borondate ona adieraz dezatela eskatu. Prozesu demokratikoa hasteko urratsak izendatu zituzten, hala nola aske behar luketen preso politikoak libratzea eta gaineratekoak Euskal Herrian bateratzea, debekatuak dauden alderdi politikoak legeztatzea, auzi politiko eta errepresio mota guztiak bertan behera uztea eta euroagindua zein legeria berezi guztiak deuseztatzea. «Frantses estatuari eskatzen diogu gurekin diren Aurore eta Josu ez Espainiaratzea». Biktima guztien ezagupena eta bizikidetza bideratzea eskatu zuten.

Behin betiko bakea eta gatazkaren konponbide politikoa gehiengoak bultzatu eta lagundu behar duela erran zuten, «prozesu demokratiko baten ondorioz lor daitekeelako soilik». Frantzia eta Espainia bide horretan sartzera behartu behar direla azpimarratu zuten. Manifestazioarekin eta konponbide politikoarekin bat egin dutenak anitz badira, gero eta gehiago izanen direla jakinarazi zieten Frantzia eta Espainiari. Manifestazioaren antolatzaileen xedea eragile sindikal, politiko eta gizarte eragileekin biltzea dela azaldu zuten. Helburua lortzeko urratsak guztien artean gogoetatu eta gauzatu behar direla adierazi zuten.

Manifestazioarekin bat egin ez edo haiekin ados egon ez direnei eskatu zieten eragile guztiekin harremanetan sartzeko. Jakinarazi zieten antolatzaileek hartu dutela guztiekin bildu eta gogoetatzeko engaiamendua. «Prozesu demokratikoa bultzatu, lagundu eta babestuko duen mugimendu zabal eta indartsua jarri nahi dugu abian eta hori hiritar guztien parte hartze zuzen eta aktiboarekin lor dezakegu bakarri, Euskal Herria delako konponbidearen gakoa».

Atzoko manifestazioa biziki arrakastatsua izan dela azaldu dute antolatzaileek. Bideak oztopo ugari atzeman arren, indarrak bilduz konponbide demokratikoa eraikitzeko aukera erreala dagoela erran zuten.

Manifestazioa beraz ibilbide baten abiapuntu gisa baloratu zuten antolatzaileek. Aipamen berezia ukan zuten Aurore Martin eta Josu Esparzaren kasuak. Edozein unetan atxilotu eta Espainiaratzeko arriskua dutela azpimarratu zuen Anais Funosas Askatasunako bozeramaleak. Arrisku horren aitzinean erne ibiltzera deitu zituen herritarrak, haien aldeko ekimenetan parte hartzeko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.