«Konponbidearen aldeko estrategia bat» eskatu du Jaizkibel konpainiak

Hondarribiko alkateari eskatu diote betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko. Jaizkibelen mila pertsona inguruk desfilatu dute aurten

Jaizkibel konpainiako gizon-emakumeak, eskopetekin. GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu die Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Udalari nahiz bertze instituzioei.2023ko jaien eta irailaren 8aren balorazioaren berri eman zuen konpainiak, atzo: «Konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adieraz dezatela hurrengo hilabeteetan». Alde horretatik, alkateari elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu zioten: «Eragileren batek ez badu mahai horretan eseri nahi, gainerakoak hasiko gara konponbidearen aldeko prozesuari forma ematen». Mahaiaren behatzaile lanak egiteko, Arartekoa proposatu dute, hura delako «giza eskubideak bermatzen direla ziurtatzen duen instituzioa».

Eskaerak eskaera, nabarmendu zuten «urte pozgarria» izan dela orokorrean: «Mila pertsona inguruk desfilatu dute Jaizkibelekin, eta kaleak ere gure aldeko keinuz eta txaloz beteta egon dira». Aurten, Gernikako Arbolatik abiatu direla azpimarratu zuten, baita bertze konpainietako kideek beraiei «harrera egin eta babesa erakutsi izana» ere.

Espazio horiek, baina, Hondarribiko Udalak eginiko «keinuengatik» posible izan direla gogoratu zuten, eta lehenbizikoz, Udal Gobernuko kideek eta alkateak harrera egin dietela.

Hondarribiko EAJk irailaren 8aren bezperan argitaratutako testua, berriz, «benetan larritzat» jo zuen konpainiak. «Konponbidearen aldeko keinurik ez egiteaz gain, ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubi guztiak apurtu nahi izan dituzte idatzi horren bidez», erran zuten. Gainera, Gipuzkoako EAJko agintarien eta Hondarribiko EAJren artean ez dute «koherentziarik» ikusten.

Azkenik, Jaizkibel konpainiari ez zaio «neutrala» iruditzen beraien aldeko keinuak egitea, bai eta alarde baztertzailearen aldekoak ere: «Kezkagarria da eskubideak defendatzen dituzten pertsonak eta jarrera baztertzaileak dituztenak parekatzea».

«Boikota»

Horrez gain, Hondarribia Berdintasun Hiria sarian gertatutakoa «irmoki» salatu zuten. Adierazi zutenez, «eragileren batek sarrera guztiak aurrez hartu zituen, aretoa hutsik uzteko asmoz». Hala ere, kanpoan zegoen jendeak ateak irekitzea lortu zuen, eta barrura sartu ziren. «Argi dago batzuek arazoa dutela berdintasunarekin, baita beste herri batzuetako alardeak biziberritu eta eraberritzeko prozesuei ikusgarritasuna ematearekin ere», biribildu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.