Konpromisoak landu eta gauzatu nahian, eragileekin bilduko da Etxerat

Euskal presoen eskubideen alde lortu den adostasunarekin gustura dago, baina pausoak behar direla dio

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Etxerat «pozarren» dago euskal presoen eskubideen aldeazken hilabeteetan lortu den indar metaketarekin. Presoen «muturreko egoera gainditzeko premia eta neurriak» biltzen dituen ekimenen garrantzia goratu du, eta espresuki aipatu ditu Adierazi EH ekimena eta Gernikan gutxiengo demokratikoei buruz 28 eragilek sinatutako akordioa. Presoen senideen ekarpenak aintzat hartuta, akordio zabala lortu dela azaldu du.

«Nolanahi ere, euskal preso politiko eta iheslariek pairatu behar dituzten muturreko egoerak gainditzeko, adostasunekin ez da nahikoa», ohartarazi dute Mattin Troitiño eta Jone Artola Etxerat-eko kideek. «Akordio horiek biltzen dituzten konpromisoak landu, garatu eta praktikara eraman behar dira».

Eta horixe lortu nahi dute. Hartarako, datozen asteetan eragile sozial, sindikal eta politikoekin harremanetan jarriko direla jakinarazi dute. Adostutako neurriak gauzatze aldera bilera sorta egingo dutela esan dute, «ikuspuntuak konpartitu, landu, eta adostasunetatik konpromiso zehatzetara pasatzeko».

«Muturreko egoerak»

Izan ere, presoak «muturreko egoerak» jasaten ari direla ohartarazi du horien senide eta lagunak biltzen dituen elkarteak. Txus Martin presoa jarri du adibide. Bederatzi urte dira preso sartu zutela, eta horietatik bost bakartuta izan dute. Bakartzeak presoari «kalte larriak» eragiten dizkiola salatu du: «Suntsitze tresna bat da». Horren erakusgarri dute Martinen egoera: zainak moztu zituen irailaren 25ean Frantziako Aix Luyneseko kartzelan. Abenduan beste preso batek moztu zituen zainak Espainiako presondegi batean.

«Isolamendua pertsona suntsitzeko neurria da», errepikatu du Troitiñok. «Gainera, denboran asko luzatzen da kasu askotan, ondorioak itzulezin izan daitezkeen muturreraino eramanaz». Frantzian, azken hilabeteetan, euskal presoak bakartzeko «apustu nabarmena» egin dutela salatu du.

Sakabanaketaren bidez bakartzen dira, gero eta gehiago, euskal presoak. Espainiako eta Frantziako dozenaka kartzeletan sakabanatu eta urruntzen dituzte, batetik. Horrek, senide eta lagunak astebururo «arrisku bizian» jartzen dituztela ohartarazi du. Horren lekuko, hamar auto istripu eragin dituela aurten, eta, sakabanaketa politika abiatu zutenetik 16 senide eta lagun hil dira espetxeetara bidean.

Baina ez hori bakarrik. Sakabanaketak «presoak birritan zigortzea» ere badakarrela diote senideek: «Presoek euren artean sakabanatu, eta kasu askotan, erabateko bakartasunera zigortzen ditu». Hortaz, politika hori «oinarrizko giza eskubideak urratzeko inpunitate eremua» dela salatu dute.

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez dituztela askatzen ere ohartarazi dute senideek, eta «bizi osorako zigorra» gero eta preso gehiagori ezartzen ari zaiela. 52 presori zigorra egun batetik bestera luzatu dietela azaldu dute, «horretarako espresuki asmatutako doktrina baten bidez».

«Hau guztia amaitu beharra dago», esan du «muturreko» egoeraren aurrean Troitiñok. Eta, presoen senide eta lagunak hori aldatzeko «beharrezkoak diren pauso guztiak emateko prest» daudela adierazi du. «Gure senideen eskubideak irmoki defendatuko ditugu, eta ez ditugu sekula bakarrik utziko».

Herritarrei deia

Egoera irauli daitekeela seguru dago Troitiño. «Baina horretarako denen parte hartzea ezinbestekoa da». Eskubideen alde jarduteko eskatu du, hargatik, eta dei berezia egin die bai euskal herritar guztiei, bai eragile sozial eta sindikalei. Protestetan parte hartu eta azken ostiraletako elkarretaratzeetara joateko eskatu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.