Begien bistako baieztapen batek inarrosi zuen atzo, Tokiko hizkuntzak: jarraipena ala etena topaketetan, Baionako unibertsitatean bildutako euskaltzaleen gogoa: «Konstituzioan erreformarik egin ezean, hizkuntza gutxituak ez dira sekula egonen frantsesaren pare», erran zuen Guy Carcassonne Paris X unibertsitateko irakasleak. Michel Rocard Frantziako lehen ministro ohiaren aholkulari eta laguna da Carcassonne, eta zuzenbide arloko aditua. Hizkuntza gutxituen arloan aritu izan da luzaz. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakienharira eta epaileek konstituzioko 75.1 artikuluaren inguruan egindako ebazpenen ildotik, etsipenez aitortu zuen hizkuntza gutxituek ez dutela aitortza biderik konstituzioan erreforma sakon bat egiten ez bada. Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dio konstituzioko bigarren artikuluak, gainerateko hizkuntzen aipamena baztertuz.
«Erraten delarik Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela, ulertarazten da frantsesa dela frantziarren hizkuntza», erran zuen Carcassonek, konstituzioko 2. artikuluari begira. Aipamen horrek espero ez ziren ondorioak ukan dituela adierazi zuen, gainerateko hizkuntzei eskubideak ukatu dizkiela. Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu zuen, baina ez zuen berretsi, tartean Konstituzio Kontseiluak jakinarazi baitzuen hainbat puntuk konstituzioa urratzen zutela.
Frantziako KonstituzioakFrantziaren «ondaretzat» hartu ditu hizkuntza gutxituak, baina epaileek egindako ebazpenek berehala argitu zuten adierazpen horrek ez diela eskubiderik aitortzen. Sortutako itxaropenak bertan lurperatu zirela erran du Carcassonek. Lege batek egoera erraztuko lukeela azaldu du, baina aldi berean gogorarazi du orain arteko saioek ez dutela ondoriorik ukan. Hala ere, aldaketarik egingarriena lege baten sustapena litzatekeela adierazi du. Hizkuntza gutxituen aurkako zein aldeko jarrerak Frantziako alderdi politiko guztietan atzematen dira, eta horrek legea onarraraztea zailtzen duela zehaztu du, ordea.
Hizkuntza gutxituei ofizialtasuna aitortzearen balioa gutxietsi du Carcassonek. Ofizialtasunak inposizioaren irudia eragiten duela argudiatu du, eta azaldu sinboloen inguruan uzkurtzen diren jarrerek kontrako ondorioak lortzen dituztela. «Frantsesa ez da Frantziako hizkuntza ofiziala, hizkuntza konstituzionala baizik», erantsi du argibide gisa.
Aitormenik ez
Frantziako Kultur Ministerioaren eledun gisa mintzatu zen Michel Alessio Frantsesa eta Frantziako Hizkuntzetarako Batzordeko ordezkaria. Hizkuntza gutxituekiko politikan hausturarik ez dagoela azaldu du. 75.1 artikuluak hizkuntza gutxituei ondare balioa eman arren horrek ez duela neholako eskubiderik aitortzen nabarmendu du. Beraz, arau baliorik ez duen adierazpena dela ebatzi du. Frantsesez egindako hitzaldian, declaratif (adierazle) eta decoratif (apaingarri)hitzak nahasi zituen artikulu horren balioa azaltzerakoan. Umorez azaldu zuen nahasketa baino ez zela izan.
Hizkuntza gutxituen aldeko lege baten eskaerari dagokionez, Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroaren hitzak ekarri zituen gogora: «Lege beharrik ez dago; legerik gabe ere gauza anitz egin daitezke gaur egun plantan dagoen sistemaren barruan». Gaur egun lau lege proposamen daude Frantziako Parlamentuan, baina aitzinera ateratzeko esperantzarik ez dago. Lege batean oinarritzen ez diren bideak jorratu behar direla agertu zuen.
Arropa saltegi baten adibidea hartu zuen, azaltzeko lurralde bakoitzak neurrira egindako hizkuntza politika behar duela, denen neurrira egindakoak ez lukeelako nehorendako baliorik.
Legeak baimentzen dituen eta egiten ez diren ildoetan sakondu behar dela erran du Alessiok. Hala nola azaldu du deusek ere ez duela debekatzen herriko etxe batek euskaraz egitea bilkurak edo aktak, betiere dokumentuak ofizialak izateko frantsesez egin behar badira. Frantziak onartu duelarik tokiko hizkuntzak Frantziaren ondare izatea, haien gaineko ardura eta erantzukizuna guztiena dela azaldu du. Eta horren kudeaketa estatuaren eta eskualdeetako erakundeen artean banatu behar dela azaldu du.
Euskalgintza, sumindurik
Euskalgintzako gizarte eragile ugari egon ziren Carcassonen eta Alessioren mintzaldiak entzuten, eta haien hitzek eragindako suminduraren berri eman zuten galderen unean. Ofizialtasuna eskatzea estrategia okerra dela erratea onartezina dela erran zion Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kideak Carcassonni.Zapalkuntza egoera guztietan eskubideak aldarrikatzen direlarik eta ohar mota hori jasotzen delarik sumintzekoa dela adierazi zuen. «Zuen hitzaldiak entzun ondoren, legeak ez badu baliorik, ulertu beharko dugu hizkuntza gutxituek bizirik iraun nahi badute estatu baten beharra dutela».
Ildo beretik ihardetsi zion Paxkal Indo Seaskako lehendakariak Carcassoni. Frantziak hizkuntza bat ofizial bihurtzeko legitimitaterik ez duela erran zion: «Ulertu behar badugu hizkuntza batek bere herriari zor diola legitimitatea, autodeterminazio eskubidea baliatu behar dela badiozu, ados gaude horretan». Eguneko txalo zaparrada bakarra entzun zen aretoan hitz horien ondotik, Carcassonen harridurarako.
«Ofizializazioa, ko-ofizializazioa... hitzak baino ez dira, funtsean eskatzen duguna ezagutza eta aitortza direlako», gaineratu zuen Indok, martxoaren 31n Baionan eginen den Deiadar manifestazioari erreferentzia eginez. Ofizialtasunaren eskaria atxikiko dutela erran zuen, hizkuntza gutxituek onarpen instituzionala behar dutelako, urrats delarik hori hizkuntza bizituen iraupena bermatzeko.
Lege batek gauza batzuk baimendu eta bertze anitz debekatzen dituela gogorarazi zuen Indok. «Ezagutza instituzionalik ez duen Frantziako lurralde bakarra gara, baina Estatua-Lurraldea hitzarmena duen bakarrak gara». Euskararen Erakunde Publikoaren sorrera hitzarmen horren ondorioa dela nabarmendu zuen Indok, orduan Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituen aipamenik atxikitzen ez bazen ere. Aitzinera egin ahal izateko lege oinarria eta estatuaren laguntza funtsezkoak direla erran zuen Indok.
Bortairuk azaldu zuen ez zuela berrikuntzarik antzeman Alessioren diskurtsoan. «Mingarria da, ordea, dena dutenen partetik (konstituzioa, legea, dirua) gauza anitz egin daitezkeela entzutea. Sumintzekoa, duenak ez duenari erraten diolarik zer egin dezakeen; faltsukeria erakusten du».
Indok ohartarazi zuen euskararen alde diharduten gizarte eragileak hobeki zeudela 2011ko maiatzeko ebazpenaren ondotik. «Ez dakit lehen 75.1 artikuluak zerbaiterako balio zuen, baina bederen eragileek balio bat ematen genion, eta baliatu dugu auzapezei eta agintariei laguntza eskatzekoorduan. Konstituzio Batzordearen barruan erreformak egin behar direla erantsi zuen Indok. Batzordearen osaketa aldatzen ez den bitartean haien iritzia eta ebazpenak ere ez direla aldatuko erran zuen.
Euskara. Tokiko hizkuntzei buruzko hitzaldia
«Konstituzioa aldatu gabe euskarak ez du frantsesaren eskubiderik ukanen»
Hizkuntzen ofizialtasuna eskatzearen balioa gutxietsi du Frantziako lehen ministro ohiaren aholkulariak Baionan, topaketetanEuskalgintzako eragileek, saminez, erantzun diote jasanezina dela euskararen egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu