Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna baliatuta, Espainiako hizkuntz politika aldatzeko eta euskara estatu osoan ofizial egiteko eskatu zuen atzo Iñaki Irazabalbeitia Espainiako Kongresurako Aralarren Gipuzkoako zerrendaburuak, Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril eta Espainiako Senaturako Aralarren Gipuzkoako zerrendaburu Aser Lertxundi ondoan zituela.
Irazabalbeitiaren esanetan, Espainiako konstituzioaren 3. artikulua aldatu beharra dago, baldin eta herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatuko badira. Izan ere, Aralarren ustez, euskarareneta euskal kulturaren defentsa ez dagokie euskal administrazioei eta euskaltzaleei soilik: «Euskal Herria Espainiako estatuaren parte den bitartean, Espainiak ere bere gain hartu behar du euskararen eta euskal kulturaren defentsa».
Bi norabidetan egin behar da lan, Aralarren ustez, Konstituzioko 3. artikulua aldatzeko. Batetik, gaztelania ezagutzeko derrigortasuna kendu behar da; eta, bestetik, gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialak Estatu osoan ofizial bihurtu behar dira. «Zergatik Estrasburgon, Belgikan eta Suitzan posible dena ez da posible Madrilen?». Proposamen hori egia bihurtuko balitz, zenbait ondorio ekarriko lituzke Aralarren irudiko: «Estatuaren ikurrek eleaniztasuna islatuko lukete; gaztelaniaz besteko hizkuntzetan diharduten funtzionarioek hizkuntza horretan jarduteko neurriak hartuko lirateke, instituzio komunek eleaniztasuna kontuan hartuko lukete...».
Konstituzioan euskararen ofizialtasuna jaso nahi du Aralarrek
Aralar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu