GIZARTEA

Konstituzionalak bertan behera utzi du kalamu klubak arautzeko Nafarroako legea

Espainiako Gobernuaren helegiteari arrazoi eman dio auzitegiak aho batez: kalamua kontsumitzeari buruzko legea Espainiakoa dela gogorarazi du, eta hor aldaketarik ezin dutela egin erkidegoek.

Kalamua, Nafarroako elkarte batean erakusgai. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko abenduaren 21a
11:15
Entzun

Nafarroako Parlamentuak 2014ko azaroan onartu zuen kalamu kontsumitzaileen elkarteak arautzeko foru legea. 10.000 sinadura bildu ondoren iritsi zen proposamena parlamentura, eta bide eman zion gehiengoak: PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bai. PPk eta UPNk, berriz, kontra bozkatu zuten, Nafarroak ez zuelakoan horrelako arau bat egiteko eskumenik.

Hori ebatzi du orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, gobernuaren helegite bat aintzat hartuta. Salaketaren tesiarekin bat egin du auzitegiak: droga kontsumoari buruzko legeak Espainiakoak direla, eta hori ezin dutela erkidegoek aldatu.

Auzitegiaren esanetan, Nafarroako legearen helburua zen “kalamua kontsumitzeko jardunari babes legala ematea”, eta hori “ondorio inkriminatzaileak” kentzea. “Lege babesa ematea zigor legedia egin duenak delitutzat jotzen dituen jardunei”.

Auzitegi Konstituzionalak aho batez onartu du sententzia. Gogoan izatekoa da kalamu klubei buruzko beste auzi batzuk ere zintzilik badirela auzitegi horretan. EAEko Adikzio Legea salatua du Espainiako Gobernuak, Nafarroaren aurka jotzeko arrazoi berberak emanda. Epai zain dago gaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.