Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aste honetako lan jarduneko gaien artean bazegoen ere, azkenean ekainera arte atzeratuko da, gutxienez, Sortuk duela urtebete jarritako babes helegitearen gaineko azterketa eta ebazpena.
AuzitegiKonstituzionalak ekainaren 5, 6 eta 7an egingo ditu hurrengo bilera saioak, eta oraingokoetan gai zerrendan egon baina ebatzi gabekoak hurrengo saioen gai zerrendan sartzea logikoena litzatekeen arren, Konstituzionaleko iturriek adierazi dute ez dela ziurra Sorturen auzia bi aste barruko eztabaidagaietan sartzea ere.
Konstituzionalak Elisa Perez Verak idatzitako txostena aztertu behar zuen aste honetan. Txosten horrek Sorturen helegiteari babesa ematendio, eta onartuko balitz, ezker abertzaleak legezko alderdi bat edukiko luke.
Zalaparta ugariko astea
Joan den asteburuan jakin zen Konstituzionalak aste honetako gai ordenan zeukala Sorturen babes helegitearen azterketa. Horrek berak interes mediatikoa piztu du auzitegi horren inguruan, baina ez da foku bakarra izan. Izan ere, Sorturen auziarekin batera, Auzitegi Konstituzionaleko zenbait epaileren behin-behinekotasuna mahai gainean jarri dute goi auzitegiko epaileek. 2008tik 11 epaile daude Konstituzionalean, orduan hildako Roberto Garcia-Calvo epailearen lekuan ez baitute inor jarri. Gainera, 2010. urteko azaroan amaitu zitzaien Konstituzionaleko epaile izateko epea Eugeni Gay, Javier Delgado eta Elisa Perez Verari. Behin-behinekotasun horrek gehiegi iraun duela iritzita, eta PP eta PSOE haien ordezkoak izendatzeko lehenbailehen ados jartzen ez badira, «neurri zorrotzak» hartzeko prest agertu ziren asteartean Konstituzionaleko epaileak.
Neurri horiek zein izango diren esan ez bazuten ere, hiru epaile horiek dimisioa ematea eta Pascual Sala Konstituzionaleko lehendakariak dimisioak onartzea litzateke «drastikoena». Aurretik ere emana dute dimisioa, baina orduan Salak ez zituen onartu.
Horrek Konstituzionalaren funtzionamenduan eragin zuzena luke; gutxieneko quorum-a zortzi epaile dira, eta geratuko liratekeenen artean bateren bat gaixotuz gero —adinez aurrera doaz denak—, ezingo lukete bilerarik egin.
Baina eragina izango luke, baita ere, ebatzi gabe utzitako auzietan. Sorturen kasuan, dimisioak babes helegitea ebatzi aurretik emango balira, Perez Verak egindako txostena automatikoki zakarrontzira joango litzateke, eta beste epaile bati emango liokete beste txosten bat egiteko ardura. Aurretik egindako lana alferrikakoa izatea eragotz dezakeena Konstituzionaleko lehendakaria da; horretarako, bere egin beharko luke Veraren txostena.
Konstituzionaleko egungo oreka ere hautsi egingo litzateke. Iazko maiatzean Bilduren legezkotasuna ebatzi zuten bozketan sei epaile agertu ziren alde, eta bost kontra —Perez Verak eta Gayk alde bozkatu zuten, eta Delgadok kontra—. Sorturen babes helegitean epai hori kontuan hartzen da. Hiru dimisioekin, geratuko liratekeen zortziek orduko boz bera emango balute, launako berdinketa emango litzateke. Kasu horretan, Salak kalitatezko botoa erabili beharko luke berdinketa hausteko, edo erabakia Konstituzionalean hutsik geratutako aulkiak bete arte atzeratzea erabaki lezake.
Raxoi-Rubalcaba bilera, gaur
Oposizioan egon den bitartean PP Konstituzionaleko epaileak berritzeko prozesua atzeratzen aritu bada, orain lehenbailehen ekin nahi dio gaiari. Gaur bertan Mariano Raxoi espainiar gobernuburua PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabarekin bilduko da, eta gaia aterako dio mahai gainera. Konstituzionaleko epaileak izendatzeko Legebiltzarreko hiru bosteneko gehiengoa behar da, eta horrek, ezinbestez, PPren eta PSOEren arteko akordioa eskatzen du. Espainiako bi indar nagusien artean izendatu izan dituzte orain arte, eta agintean dagoenak bere kordako epaile gehiago izan ohi ditu.
Raxoiren asmoa, zenbait hedabideren arabera, Sorturen helegitea ebatzi aurretik Konstituzionalean aldaketak egin eta alderdia legez kanpo uzteko gehiengoa lortzea litzateke.
Oraingoan, PSOEk ematen du Konstituzionala berritzeko presarik ez duena. Rubalcabari asteon birritan galdetu diote, eta hark ez du hitz erdirik ere esan.
Konstituzionalak ekainera atzeratu du Sorturen babes helegitearen ebazpena
Zenbait epaileren behin-behinekotasun egoerak sortu duen krisiak eragina izan dezake epaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu