Konstituzionalak irailerako utzi du 'Parot doktrinaren' kasuen azterketa

Gaia «zaila» dela esan dute hamasei helegiteren azterketa irailerako uzteko arrazoi gisa

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Parot doktrinaren aurka hamasei presok jarritako helegiteak irailean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Aste honetan bildu dira Konstituzionaleko epaileak Parot doktrina indarrean duten presoen kasuak aztertzeko, baina ez dute erabakirik hartu, kasuen «zailtasuna» dela medio, ez dutelako akordiorik lortu. Hortaz, helegiteen azterketa irailera arte atzeratzea erabaki dute.

Parot doktrina ezarri dieten hamasei presok jarri dute helegitea. Horietatik hamalau euskal presoak dira. Konstituzionaleko osoko bilkura osatzen duten hamaika epaileen arabera, Parot doktrinaren interpretazioa «oso konplexua» da, eta, horregatik, auziari udako oporren osterako uzteko eskatu diote Pascual Salari, Konstituzionaleko presidenteari.

Maiatzean kaleratutako ohar batean, dagoeneko aztertuta dauden zigorrak banan-banan ikertuko dituela jakinarazi zuen Konstituzionalak, eta, beraz, ez dela kasu guztietarako ebazpen bateratu bat egongo. Auzitegiak azaldu duenez, preso batzuk 1973ko zigor kodearen arabera kondenatu zituzten; besteak, aldiz, 1995eko kodeari jarraiki. Horrek, adierazpen bateratu bat egitea are zailago egiten duela diote.

Guztira 28 dira Parot doktrina dela-eta Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartutako helegiteak, horien artean 24 euskal presoek jarritakoak dira. Irailean aztertuko dituzten hamasei kasuak izango dira lehenengoak. Hala ere, badira onartu ez dituzten auziak ere; besteak beste, Henri Parotena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.