Konstituzionaleko osoko bilerak erabakiko du Sortu legezko izango den edo ez

Auzitegi Gorenak ezker abertzalearen alderdia legez kanpo utzi ostean hark jarritako helegitea aztertu beharko du

Agentziak
Madril
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Sortu legezkoa izango den edo ez erabakitzeko, osoko bilkura egingo dute Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileek. Ezker abertzalearen alderdi berriari alderdien erregistroan izena ematea galarazi zion Auzitegi Gorenak, eta erabaki horri Sortuk jarritako helegitea aztertu behar du orain Konstituzionalak. Sortuk Alderdien Legeak zehazten dituen baldintza denak betetzen ditu, eta dudarik balego ere, lege horrek kontrazantzu indartsuentzat jotzen duena betetzen du, alegia, indarkeriaren erabilera gaitzesten du, ETArena barne.

Auzitegi Konstituzionalaren bigarren atalari zegokion Sorturen babes helegitea aztertzea, baina Efe berri agentziak auzitegiko iturriak aipatuz atzo zabaldu zuenez, herenegun erabaki zuten auzia osoko bilkuraren esku uztea. Iazko maiatzetik zuen gaia esku artean bigarren atalak.

Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu lehia politikotik kanpo utzi zuen, «instituzioetara itzultzeko» ETAren eta Batasunaren «iruzur saioa» zela argudiatuta. Defentsa ez dago ados, ordea, eta «badaezpada» legez kanporatu zutela argudiatu zuen helegitean. Izan ere, nabarmendu zuen Sortuk jarduerarik ez duela izan, eta, beraz, legea hausteko aukerarik ere ez duela izan.

Iñigo Iruin abokatuak 176 orrialdetako txosten mardula aurkeztu zuen Konstituzionalean Sorturen defentsan. Elkartzeko eskubidea —Espainiako Konstituzioaren 22. artikulua— eta alderdi politikoak sortzekoa —6. artikulua— urratu direla argudiatu zuen. Horretarako, gainera, argudiatu zuen Gorenak araudia eta jurisprudentzia gaizki erabili zituela eta frogaren balorazioa oker egin zuela.

Bilduren zerrendak ere baliogabetu egin zituen Auzitegi Gorenak, baina, gero, erabaki hori atzera bota, eta udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko baimena eman zion Konstituzionalak. Orduan auzitegiak jarritako argudioek Sorturentzako ere balio dutela nabarmendu zuen Iruinek.

Funtsean gai bera dago Sortu auzian eta Espainiako Auzitegi Gorenak egunotan erabakiko duen Bateragune auzian. Alegia, ezker abertzaleak ETAren aginduz hartu duen edo ez estrategia politiko hutsen aldeko bidea. Bi auzietako saioetan, argi gelditu da eztabaida baten ondorio izan dela eta eztabaida horrek ETAn haserrea sortu zuela.

Gaiak Konstituzionalaren osoko bilkuraren esku gelditzen direnean, hurrengo bileran aztertzen dituzte normalean. Beraz, ez da espero asko luzatzea erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.