Oroimen eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra

Kontakizun bakarraren «obsesioa»

Memoria guztien artean idatzi beharraz ohartarazi du Maixabel Lasak; egia guztiak aintzat hartu beharraz eta kontakizuna «ikuspegi orokorrarekin» egin beharraz. Gorrotoa eta mendekua alboratzeko premiaz eta barkatzeak emandako lasaitasunaz aritu dira biktimak.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Memoria ez da bakarra. Bakoitzak bere bizipena du. Gertaera bakar batek alde ugari izan ditzake; ikuspegi asko, sentitzeko hainbat modu, egia ugari. Historiak ere kontakizun bat baino gehiago izan dezake. Elkarbizitza lortzeko memoria beharrezkoa izango dela seguru dago Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei laguntza emateko Eusko Jaurlaritzak duen zuzendaria. «Euskadiko min injustuari buruzko oroimena da bizikidetzarako oinarri onena». Baina mezu argia eman du: «Kontakizun ofizial bakarra egitea ezin da obsesio bihurtu». Arriskuaz ohartarazi, eta «memoria pluralak» aipatu ditu: «Guztion artean idatzi behar da kontakizuna».

Iragana «konplexua» dela gogoan izateko eskatu du Lasak. Garrantzitsua dela kontakizun bakarra ezarri nahi izatearekin ez obsesionatzea; «plurala» behar duela izan, betiere «oinarri komuna» edukita. «Indarkeria gaitzestea, giza eskubideak errespetatzea eta biktimak aintzat hartzea» da, zuzendariaren esanetan, partekatu beharreko oinarri hori.

«Gertakizunen peritaje soila» ere ez da egokiena zuzendariaren ustez. Kontakizunak gizakiaren gaiztakeria erakutsi beharko lukeela dio. Eta hori guztiori «ikuspegi orokorrarekin» egitea gomendatu du, biktimak oinarrian jarrita. Biktimei buruz aritzean guztiak aintzat hartu behar direla esan du: ETAk eragindakoak, «beste talde terrorista batzuek» eragindakoak eta estatuaren indarkeriak eragindakoak hartu behar direla kontuan.

Gorrotoa eta mendekua

Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra hasteko ekitaldian esan ditu horiek Lasak, hiru biktimak euren lekukotzak eman aurretik. Iñaki Garcia Arrizabalagak ere ohartarazi duez dela «kontaketa bakarra» egin behar; onartu beharra dagoela «egia asko» daudela. Juan Manuel Garcia Corderoren semea da —Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten, 1980an—. Aita bahitu eta hil zuten eguna ez duela sekula ahaztuko adierazi du Garciak. «Baina gaur egun esan dezaket oroimena ez dela bateragarria gorrotoarekin eta mendekuarekin».

Guztien kontaketak biltzearen alde egin du, helburuak beti «egia eta justizia» izan behar duela zehaztuta. Hortaz, esan du «ulergarria» dela GALen biktimek euren hurkoen hilketak argitu daitezela eskatzea. Memoria «egia horiek» aitortzea ere badela zehaztu du; «ez dut lagundu nahi osatu gabeko memoria bat egiten», esan du. «Biktimak garen heinean, ordaintza, justizia eta memoria aldarrikatzeko eskubidea dugu». Baina ohartarazi du hortik aurrera biktimek ez dutela zilegitasunik eskaera politikoak egiteko, Zuzenbide Estatuaren norabidea zehazteko eta espetxe politikan zer egin behar den esateko.

Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alargun Carmen Hernandez barkamenari buruz mintzatu da —ETAk hil zuen Pedrosa, Durangon, 2000. urtean—. Haren esanetan, biktimei ezin zaie barkatzeko eskatu, baina hark behar hori sentitu zuen: «Hasieratik izan nuen argi barkatzeko gai izan behar nuela, neure buruarekin ondo sentitzeko. Gorrotoak norberari egiten dio kalte, erasotzaileari baino gehiago».

ETAk jardun armatua amaitu izanak «itxaropena» eragin diola aitortu du Hernandezek, baina, haren ustez, «presaka» normalizatu nahi da egoera: «Pausoz pauso egin behar da; denbora behar da», adierazi du. Justizia eskatu du, halaber, eta «akatsetatik ikastea, etorkizunean ez errepikatzeko».

Hain zuzen, iraganean alde guztietatik oker ugari egin direla iruditzen zaio Hernandezi, bere kontakizunean agerian utzi duenez. Senarra hil zutenean «bakarrik, gizartetik alboratuta» sentitu zela kontatu du; harekin hazitako pertsonek agurtzeari ere utzi ziotela. Bestalde, hedabideen zurrunbiloak itotzeraino nola harrapatu zuen salatu du.

Joaquin Vidal Terrorismoaren Biktimen Erkidegoetako Federazioko presidenteak «biktimen eskuzabaltasuna» hartu du hizpidetzat. ETAk Sevillako espetxearen aurka egindako atentatu batean zauritu zen Vidal, 1991n. Haren esanetan, biktimek asko sufritu duten arren, «ez dira sekula mendekatu».

Egungo egoerari buruzko hausnarketa plazaratu du kongresuan. Haren ustez, ezker abertzaleak egindako urratsek gauza bat frogatu dute: «Zuzenbide Estatuak duela arrazoia». Indarkeria erabili dutenei «okerra aitortzeko» esan die, bizikidetzaren izenean. Hain zuzen, elkarbizitzarako «gizartearen pentsaera berregituratu» beharko dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.