Goizean izan da istilua Zizurkilen (Gipuzkoa), 07:30 aldera. Ertzaintzako iturriek BERRIAri azaldu diote kontrol bat jarri dutela goizaldean, ustezko lapur talde bat inguruan zebilelakoan. 07:30ean, "kontrola kentzen ari zirela", auto bat agertu da Ubare auzoan, eta susmagarri egin zaie ertzainei. Geratzeko agindu diote, baina ibilgailuak aurrera jarraitu du. Ertzaintzak azaldu du polizia bat harrapatzen saiatu direla autoarekin, baina ez dutela lortu. Orduan, betiere Ertzaintzaren arabera, polizietako batek tiro egin du.
Autoan hiru gizonezko zihoazen, eta horietako bat zaurituta eraman dute ospitalera. Ertzaintzak jakinarazi du "zauri arinak" dituela, eta ez duela tirorik jaso. Zauritutako gizonezko hori, autoaren gidaria, lekuan bertan atxilotu dute. Beste bi gizonek alde egitea lortu dute. Horietako bat atxilo hartua du Ertzaintzak dagoeneko; Donostian atzeman dute. Beste gizon bat falta da orain, eta haren bila ari da Polizia.
Ertzaintzak uste du estankoetan eta elkarte gastronomikoetan lapurretan aritzen zirela atxilotuak. Inguruan lapurretak izan dira azken boladan, eta horregatik zeukaten kontrola jarrita.