Jende askorentzat ia ezabatua dagoen gaixotasuna da tuberkulosia. Baina ez da horrela. Kontrolatua dago, baina ez ezabatua». Nafarroako Osasun kontseilari Maria Kutzen adierazpenak dira. Azken asteetan Faltzesen (Nafarroan) gaixotasunarekin kutsatutako lau neskatoren kasuek hala berresten dute; baita OME Osasunerako Mundu Erakundearen datuek ere. Etorkizunari begira, bi dira gaixotasun horren inguruan osasun erakundeek eta adituek dituzten erronkak: txerto eraginkorrago bat lortzea eta tratamendua eri guztiengana iristea.
OMEk emandako datuen arabera, 9.000.000 pertsona kutsatzen dira urtean tuberkulosiarekin, eta horietatik 2.000.000 hil egiten dira. «Ez da espero laster gaixotasuna ezabatzea. Alde horretatik, aurreikuspenak ez dira onak. Izan ere, Afrikan, Asia hego-ekialdean eta Hego Ameriketan gaixotasuna duen jende asko dago, eta immigrazioaren ondorioz gaixotasunak iraun egiten du beste herrialdeetan ere», dio Donostiako Ospitaleko pneuomologo Javier Laparrak. OMEren xedea da 2050erako erdira murriztea egungo kasuak.
Laparraren datuak aintzat hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste 25 tuberkulosi kasu agertzen dira urtean 100.000 biztanleko. «Batik bat populazio pilaketa handiak dauden lekuetan izan ohi dira kasu gehienak. Gipuzkoan, adibidez, nahiz eta kontrolatua egon, beti izan da tuberkulosi gune garrantzitsua Eibar ingurua». Nafarroan, Kutzek jakinarazi duenez , iaz 51 tuberkulosi kasu izan ziren. «Gure inguruan erdira jaitsi dira azken hamar urteetan tuberkulosi kasuak. Baina immigrazioak izandako igoeraren ondorioz, jaitsiera hori mantsoago ematen ari da orain. Nafarroan, gainera, immigrazio hori Euskadin baino errotuago dago, egonkorragoa da. Beraz, beherakada hori are eta geldiago ematen ari da», azaldu du Laparrak. Jaitsiera mantsotzeko beste faktoreetako bat ondorengoa da: immunodeprimituak diren gero eta gaixo gehiago daudela. «Horri esker, dauzkaten gaixotasunak hobeto jasaten dituzte. Baina errazago hartzen dituzte halako gaixotasun infekziosoak», nabarmendu du Laparrak. Kortisona dosi altuak hartzen dituztenak eta hezueriari lotutako gaixotasunengatik tratamendu immunodepresiboak hartzen dituztenak dira horren adibide. «Gaixo horiei antibiotiko bidezko profilaxia egiten zaie askotan, tuberkulosia gara ez dezaten». Hego Euskal Herriari dagokionez, beste bereizgarrietako bat zera da: eragin adinaren lerroa ezkerrera eraman dela. Hau da, gero eta zaharragoak dira tuberkulosia dutenak.
Faltzeskoak dira azken kasu ezagunak. Urtarril erdialdean gaixotasuna atzeman zioten Alvara Alvarez ikastetxeko 13 urteko neskato bati. Babes neurri gisa eritasuna zuten ikusteko frogak egin zizkieten haren senideei, lagunei eta ikaskideei. Beste hiru pertsona kutsatuta zeudela baieztatu zen: neskatoaren bi ahizpak eta haren lagun bat, hain zuzen. Osasunbideko teknikariek azterketak egiten jarraitzen dute hiru kutsatu horien gertukoei. Aurreko astean bertan Faltzesen izan ziren, kutsatutako ahizpetako baten ikaskideei frogak egiten. Aste honetan jakingo dira emaitzak.
Kutzek lasai egoteko eskatu du, eta gogorarazi du gaixotasunari aurre egiteko tratamenduak oso eraginkorrak direla. Bat dator horrekin Laparra, eta gaitzari buruzko hainbat xehetasun eman nahi izan ditu hori frogatzeko: «Gaixotasuna eztularen bidez kutsatzen da. Sintomak hauek dira: arnasa hartzeko arazoak izatea, eztula egiterakoan odola botatzea, jateko gogoa galtzea, gauean izerdi asko botatzea... Kutsatzeko etengabeko kontaktua izan behar da gaixotasuna duen pertsonarekin. Harreman hori denbora luzez eman behar da, gainera».
Hiru asteetan sintoma horiek desagertzen ez badira, gaixoari frogak egingo zaizkio. Diagnostikoa «oso sinplea» da. Lehenbizi karkaxaren analisia egiten zaio: «Hor tuberkulosiaren baziloa agertzen bada, diagnostikoa argia da. Bestela, susmoak jarraituz gero, beste froga batzuk egiten zaizkio: biriketako erradiografia, adibidez». Gaixo dagoela baieztatzen bada, tratamendua hasten da. «Egia esan, luzea da, sei hilabete irauten baitu». Lehen bi hilabeteetan lau antibiotiko mota hartu behar ditu gaixoak, eta gainontzekoetan bi. «Ondo hartzen diren antibiotikoak dira, eta ez dute aparteko arazorik ematen. Bestelako arazorik ez badu, gaixoa erabat sendatzen da. Izan ere, tuberkulosia ez da gaixotasun kroniko bat. Gainera, tratamendua ondo egiten bada, oso aukera gutxi daude etorkizunean berriro ere gaixotasuna izateko».
Etorkizuneko erronkak
Herrialde garatuetan ia gaixo guztiek dute tratamendua jasotzeko aukera. Ez da horrela, ordea, herrialde txiroetan. «Oso botika garestiak dira haientzat. Gainera, herrialde horietan beste arazo bat dute: ez dituzte baliabide egokiak diagnostikoa egiteko. Ondorioz, hilabeteak behar dituzte horretarako. Diagnostiko azkarra oso garrantzitsua da tratamendua eraginkorra izan dadin». Gainera, herrialde horietan altua izan ohi da hiesa duten gaixo kopurua. «Ohikoa izaten da hiesa duten eriek tuberkulosia izatea. Beraz, herrialde horietan gaixotasuna betikotzen ari da. Tratamendua hara iristea da etorkizunari begira dugun erronka».
Egun tuberkulosiaren aurka erabiltzen den txertoa hobetzea da duten beste desafioa. Izan ere, egun erabiltzen den txertoa—BCG du izena— XX. mende hasieran asmatu zen. Txertoa hilabeterekin jarri ohi zaie haurrei. «Horrek ez du esan nahi bizi osoan tuberkulosia izango ez dutenik. Haurtzaroan babesten ditu. Babes hori, gainera, tuberkulosi mota larrienaren kontrakoa da: meningitis tuberkulosoa; ez, ordea, biriketakoaren kontrakoa. Hori da, hain zuzen, ohikoena. Leku guztietan ez da jartzen, baina Euskadin derrigorrezkoa da. Beste kontu bat da zenbat haurri jarri behar zaien txertoa errentagarria izan dadin. Eztabaida hori txerto guztiekin gertatzen da».
Beste txerto batzuen inguruan ari dira lanean zientzialari eta osasun adituak. Aurreko astean bertan, Danimarkako eta Kataluniako zientzialari talde batek tuberkulosiaren kontrako beste txerto bat aurkeztu zuen. Zientzialari horiek azaldutakoaren arabera, orain artekoarekin alderatuz berritasun bat du txertoak: ezkutuan dauden tuberkulosiaren baziloei aurre egiteko balio du. «Egungo txertoak soilik osasuntsu dauden pertsonentzat balio du. Honek, berriz, tuberkulosiaren baziloekin kutsatuta egon eta oraindik gaixotasuna garatu ez duten eriak babesteko ere balio du. Gaixotasuna betikotzearen errudun nagusietakoak dira ezkutuan dauden bazilo horiek», azaldu du Joan Pere Cardonak, proiektuan parte hartu duenikertzaile kataluniarrak.
Oraingoz arratoiekin egin dituzte saioak, eta emaitzak «oso onak» izan dira. Hurrengo erronka gizakiekin probatzea izango da. Saio horiek emaitza onak emanez gero, 2020an hasiko lirateke merkaturatzen. Dena den, aitortu dute txertohori ere garestia izango dela eta zaila izango dela herrialde txiroetara iristea.
Antibiotiko berrituak
Beste botika batzuk sortzeko ahaleginetan ere ari dira. Izan ere, bada tuberkulosiaren baziloaren aldaera bat egun erabiltzen diren botikak jasateko gai dena. 2008an halako 440.000 kasu izan ziren, inoiz baino gehiago. Gaixo horien herena hil egin zen. Bazilo hori dutenen kasuen erdiak Txinan eta Indian eman dira.
Ameriketako hogei herrialdetan ere agertu dira kasuak. «Tuberkulosi mota horrentzako tratamendua oso luzea da. Bi urte irauten du, eta erabiltzen diren botikak oso toxikoak dira. Gainera, diagnostikoa garaiz egiten ez bada, ez dute funtzionatzen», dio Matteo Zilgot OMEko adituak. Beraz, bada zeregina tuberkulosia ezabatzeko.
Osasuna. Tuberkulosia
Kontrolatua, baina ez ezabatua
Munduan bederatzi milioi pertsona kutsatzen dira urtean tuberkulosiarekin. 2050erako kasu kopurua erdira murriztea nahi du OME Osasunerako Mundu Erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu