Hizkuntz normalizazioa

Kontseilauren iduriko, Administrazioa euskalduntzeko politikak ez die gizartearen premiei erantzuten

EAE Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioa euskalduntzeko plangintzek, orain arte, emaitza eskasak izan dituztela uste du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Ildo horretatik, Admministrazioan euskararen erabilera normalizatzeko politikak ez diela gizartearen premiei erantzuten iritzi dio Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak. Era berean, EAEko Administrazio orokorra euskalduntzeko III. Plangintzaldirako asmoei buruzko txostena aurkeztu du Kontseiluak.

2004ko uztailaren 7a
17:12
Entzun
EAEko Administrazioa eskalduntzeko II. Plangintzaldiari buruzko bi datu esanguratsu eman ditu Lasak: "Batetik, 2002. urtea amaitu aurretik lehentasunez elebiduntzea aurreikusi ziren 84 ataletatik bakar bat ere ez dela helburu horretara iritsi. Bestetik, II. Plangintzaldia amaitu zenetik urte eta erdi pasatu arren, oraindik ez dugu ezagutzen ebaluazioek zer dioten", agertu du.

Gainera, II. Plangintzaldi horretako emaitzak "zinez eskasak" izan arren, III.enerako aurreko helburu, baliabide eta eragiteko oinarri berberak aplikatzen jarraitu nahi dutela kritikatu du.

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, plangintzen helburua euskara Administrazioko lan hizkuntza izatea lortzea izan behar dela nabarmendu du: "Horretarako, erabilera planak abian jartzeko, eragin handieneko ataletanpremiazko baliabide guztiak jarri behar dira". Hori dela eta, hizkuntz eskakizun jakin bat duten lanpostuak betetzen dituztenek hizkuntz gaitasun horretara iritsi behar dutela esan du Mendigurenek, "adina edozein dela ere". Funtsean, adinagatiko salbuespena indargabatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.