Kontseiluak salatu du ikus entzunezkoek ere euskararen erabilera bermatuko duten kuotak behar dituztela

Espainiako Gobernuak Ikus entzunezko Lege Orokorraren proiektua aurkeztu du eta Kontseiluak ekarpenak egin dizkio. Berezko hizkuntzak baztertzen dituela salatu dute

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 9a
15:11
Entzun

Espainiako Gobernuak iazko abenduan aurkeztu zuen Ikus entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektua. Berriki beste dokumentu bat argitaratu du, eta Euskalgintzaren Kontseiluak ekarpenak egiteko aukera izan du, beste hainbat gizarte eragilerekin batera: Behategia, Hekimen, Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea eta Pantailak Euskaraz, besteak beste. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak salatu du berezko hizkuntzei dagokionez ez dagoela moldaketarik dokumentuan lehenengoarekin konparatuta: «Gobernuak aukera izan du bigarren zirriborro horretan neurri berriak txertatzeko, baina horrelakorik ez du egin eta gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi du».

Aurreproiektuari erreparatuz gero, hizkuntzen erabilera aintzat hartzen duten zenbait artikulutan ageri da kuotak ezartzeko aukera «Espainiar Estatuko hizkuntza ofizialean edo Autonomia Erkidegoetako hizkuntzaren batean». Kontseiluko eledunaren ustez, aukera ona litzateke legeak berezko hizkuntzen erabilera ezartzea eta horregatik eskatu dute «hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan edo juntagailua eta juntagailuarekin» ordezkatzea. Bilbaoren iritziz, hori delako hizkuntzen erabilera bermatzeko «bide bakarra».

Bestelako ekarpenak ere egin dizkio Kontseiluak. [Ikus entzunezkoen] Legeak Espainiar Estatuko hizkuntza aniztasuna «propio» sustatu behar lukeela, «arreta berezia jarriz» egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetan. Bilbaok azaldu du beharrezkoa iruditzen zaiela legearen printzipioetan «berariaz» jasotzea, ikus entzunezkoen eremuan hizkuntza gutxituek «zein egoera bizi duten kontuan hartuta».

Halaber, euskara zein gainerako beste berezko hizkuntzak audioan edo testu idatzian «interes orokorreko edukitzat» hartzeko eskatu du Kontseiluak. Haiek ekarpenetan proposatutako sustapen neurri eta betebeharrei «ahalik eta babes handiena» emateko. Legeak behebehar horiek modu esplizituan jasotzeak duen garrantzia adierazi du Bilbaok «euskara ez erabiltzeko zirrikituak balia ez ditzaten».

Nolabaiteko babes juridikoa lortu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak ikus entzunezko Legearen aurreproiektuari ekarpenak eginez. Bilbaoren esanetan formatu desberdinetako ikus entzunezkoak euskaraz egoteko «aldarria bolo-bolo» dabilelako, eta dinamika horri «ekarpena» egin nahi izan dio Kontseiluak.

Udazkenean legearen eztabaida

Espainiako Gobernuaren asmoa da legearen eztabaida udazkenean egitea Espainiako Diputatuen Kongresuan. Kontseiluko ordezkariak esan du, orduan ikusiko dela euskararen ikuspegitik egindako ekarpenak onartuko dituzten, eta aurreratu dute galizieraren eta katalanaren aldeko eragileek ere ekarpenak egingo dituztela. Kontseiluak egindakoetatik «hurbil» daudenez, irailetik aurrera alderdi politikoekin «bilera erronda bateratua» egiteko prest daude, Kontseiluaren ekarpenak «bere egin» eta eztabaidan defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.