EUSKARA

Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideen lege bat proposatu du EH Bilduk

Jendaurreko enpresen hizkuntz betebeharrak zehazteko eskatu du koalizioak. Isunak aipatu ditu, baina soilik oso enpresa handientzat: telefonia operadoreak, energia konpainiak eta finantza erakundeak. 

'Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz' kanpaina, euskararen erabilera sustatzeko, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 25a
09:24
Entzun

Bost enpresatik batek ez du betetzen kontsumitzaileen hizkuntz eskubideei buruz Eusko Jaurlaritzak egindako dekretua, 2008koa. Ondorio hori eman zuen ezagutzera Jaurlaritzak berak iazko otsailean aurkeztutako ikerketak.

EH Bilduk aldatzea nahi du, dekretuak ez duelakoan “balio” euskaldunen eskubideak bermatzeko. Lege proiektu bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Jendaurreko enpresen hizkuntz betebeharrak zehaztea eta erabiltzaileen eskubideak jasotzea du helburu.

Legea "esparru orokorra" dela adierazi du Xabier Isasi legebiltzarkideak. "Gero, aplikazioa zehazteko orduan, dekretu bidez zehaztu beharko da, betiere malgutasunez, inposiziorik gabe, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta".

Hona legearen atal nagusiak:

1. Idatzizko komunikazioa. Urtebeteko epea izango dute bezeroekiko harremanak euskaraz ere bermatzeko hiru talde hauek: komunikazio operadoreak, energia konpainiak eta finantza erakundeak. Egin ezean, 6.000 euroko isuna lukete. Dendetan eta garraioan ere urtebeteko epea lukete, baina, kasu horretan, ez du isunik proposatu EH Bilduk.

2. Idatzizko harremana. Mailakatzea proposatu dute: 50 langile baino gehiagoko establezimenduek urtebeteko epea lukete zerbitzua euskaraz ere bermatzeko; 5-50 behargin dituztenek, bi urtekoa; eta bost baino gutxiago dituztenek, lau urtekoa.

3. Zigilua. Jendaurrean euskaraz egiteko konpromisoa hartzen duten enpresei Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua ematea proposatu du EH Bilduk. Seinaleak, kartelak, katalogoak eta bestelakoak euskaraz jartzea litzateke baldintza.

Lege proposamena atzo aztertu zuen legebiltzarreko mahaiak. Orain iritzia eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari, eta ondoren segituko du parlamentuko tramitazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.